GARA > Idatzia > Kirolak> Osasuna

Urteko azken partida Sadarren

Inbidia gutxitu asmoz

Denboraldiko ustekabea izaten ari den Mallorcak ez du oraindik partidarik irabazi etxetik kanpo

p042_f01_148x108.jpg

OSASUNA-MALLORCA

GARA | IRUÑEA

«Goiko lau edo bost talde handiak alde batetara utzita, gainontzeko taldeek Mallorcak egun sailkapenean duen lekua bete nahiko genuke. Denboraldi bikaina osatzen ari dira eta talde gehienek inbidia puntu batekin begiratzen diegu», horrela definitu zuen atzo Jose Antonio Camachok gaur Sadarren etsai izango duen taldea. Bada, inbidia puntu hori txikiagoa izango da azken asteotako bolada onari jarraipena eman eta gorritxoek gaur irabazten badute, izan ere, hala eginez gero, Manzanoren taldearengandik bost puntura jarriko dira gorritxoak.

Dena dela, talde gehienek bezala, Mallorcak ere badu bere arantzatxoa. Izan ere, esaera zaharrak dioen bezala, etxean otso eta kanpoan uso dabiltza balearrak. Horren erakusle, oraindik ez dira Ono Staditik at partida bat irabazteko gai izan. Gorritxoak, aldiz, Sadarretik urrun jokatutako azken bi partidetan lau puntu eskuratzeko gai izan dira, eta horrek moralez gainezka eta gorantz begira jarri ditu Camachoren mutilak.

Camuñas, prest

Kirol arloan, nafarrentzako berririk onena Camuñas jokatzeko moduan dela da. Izan ere, aste osoan zehar bere partaidetza kolokan izan bada ere, azkenean garaiz osatu da. Pandianik min hartu zuenetik, Recreativotik ekarritako jokalaria da taldeko aurrelaririk eraginkorrena eta gaurkoan ere berari egokituko zaio Arandarekin batera golaren bila aritzea. Madrildarra osatuta, oso litekeena da Camachok azken asteotako hamaikako bera errepikatzea. Zalantza bakarra zelai erdiko euskarrian dago, ez baita ziurra Puñal kapitainak edo Ruper gazteak jokatuko duten Nekounamen alboan.

Mallorcan, berriz, Borja Valero izango ez dela nabarmendu behar da, berak sartu baititu orain arte balearrek etxetik kanpo sartutako sei goletatik hiru. Horrek ohiko joko eskema aldatzera behartu du Manzano, eta baliteke Mario Suarez izatea bere ordezkoa. Julio Alvarez ere ez da ariko.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo