GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

European Challenge

Avironek aurpegirik onena erakutsi du Ingalaterran

Partida hasi aurretik asko balio zuen puntu bat lortzeak, baina norgehiagoka ikusi ostean zerbait gehiago lortzeko aukera ere bazela ikusi zen.

p046_f01_148x96.jpg

LONDON WAPS 22

AVIRON  18

Jon LEUNDA

Partida handia egin zuen atzo Avironek Ingalaterran London Waps taldearen aurka, eta defentsako lanaren ondorioz puntu bat batu ahal izan zuen. European Challengeko multzoko lehen postua galdu egin zuen atzo Avironek, eta orain ingelesak dira postu hori hartu dutenak. Aldiz, datorren ostegunean Jean Dauguer zelaian elkarren aurka ariko dira berriz bi taldeak, eta bertan, sailkapeneko burua berreskuratzeko aukera izango dute zuri-urdinek.

Oreka izan zen nagusi bai markagailuan bai jokoan ere. Oso azkar aitzineratu ziren etxekoak zigor kolpe bat gauzatu ostean, baina hiru minututan Garciak bi zigor kolpe gauzatu eta zortzigarren minuturako euskaldunak aurretik ziren (3-6).

Horrek ez zuen ezer aldatu, eta ordura arte ikusitako berdintasunak hortxe jarraitu zuen. Zuri-urdinek presioa ederki egin zuten aurrean, eta ingelesak deseroso aritu ziren. Hala ere, Walderrek beste bi aukera izan zituen eta partidari buelta emateko modua egin zuten etxekoek; hala, 9-6 aurreratu ziren. Horrek, ordea, ez zituen Baionakoak kikildu, eta lanean jarraitu zuten.

Entseguaren bila aritu ziren, marra ingurura gerturatzen ziren, baina ezin zuten aurkaria gainditu. Azkenean, aldiz, Garciak beste zigor kolpe bat izan zuen partida berdintzeko; ez zuen barkatu eta 9-9koa jarri zuen markagailuan.

Aurretik

Bigarren zatian euskaldunak aurrera egiteko asmoarekin zelairatu ziren. Galtzeko gutxirekin joan ziren Ingalaterrara, eta zerbait lortzeko modua bazutela ikusi zuten. Hala, Garciak beste zigor kolpe bat izan zuen Aviron aitzineratzeko, eta ez zuen barkatu; Baionakoak berriz ere aurretik ziren (9-12). Markagailuan atzetik izateak presioa handitu zion etxeko taldeari, eta bultzaka-bultzaka, lapurtarren entsegu marrara gerturatzen hasi ziren; azkenean, bi entsegu, eta zigor kolpe bat gauzatu ostean, tartea zabaldu zuten, eta norgehiagoka maldan gora jarri zitzaion talde euskaldunari.

Hala ere, Gewerrek, Garciaren lekukoa hartuta, bi zigor kolpe lortu zituen, markagailua murriztu zuen eta lau puntura gerturatu zen Jean Daugurreko taldea. Beste entsegu bat nahikoa zuen Avironek garaipena eskuratzeko, eta horren bila joan ziren azken minutuetan, London Waps estu eta larri hartuz. Aldiz, ez zen beste punturik ikusi eta markagailua ez zen mugitu.

Amaieran, galdu arren, puntu ona lortu zuen talde zuri-urdinak. Hala ere, hori baino zerbait gehiago lortzeko aukera galdu ote zuten pentsatuz amaitu zuten norgehiagoka lapurtarrek.

Orain, datorren ostegunean 20.45etik aurrera Jean Daugurren neurtuko dira berriro ere bi talde hauek, eta han garaipena lortzen badu, final-laurdenetan izateko urrats garrantzitsua emango du Avironek. Atzoko norgehiagoka ikusita, itxaropenerako ateak erabat zabalik dira lapurtarrentzat, izan ere, baionarrek talde handien aurka jokatzen dute ongien.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo