GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Faboritoek hutsik egin gabe jarraitzen dute lana egiten

Rekondo-Atutxa II.ak eta Larretxea aita-semeak irabazi egin dituzte beren norgehiagokak.

p048_f01.jpg

Jon LEUNDA

Ez zen ezusterik izan, eta Urrezko Aizkorako jardunaldi honetan bi biko faboritoek, Rekondo-Atutxa II.ak eta Larretxea aita-semeak irabazi zituzten beren saioak. Aldaketa bat ere izan zen, izan ere Etxebeste eta Olasagasti ziren izatekoak, baina lehenengoak ezin izan zuen parte hartu, eta bere ordez Saralegi gaztea aritu zen.

C multzoan, Rekondok eta Atutxak Mugertza I.aren eta Etxeberriaren aurka neurtu zituzten indarrak, eta biko gaztea izan zen gailendu zena, eta hurrengo fasean izateko urrats garrantzitsua eman zuten.

Ia bi minutuko aldea kendu zieten bizkaitarrak eta nafarrak. 45 ontzakoa zutik eta etzanda mozterakoan izan zen beteranoen garaipen bakarra, baina hortik aurrerakoetan gazteak izan ziren nagusi. Bai Rekondorentzat eta bai Atutxarentzat ere lan hauek oso egokiak dira. Bizkaitarra da, gainera, egungo txapelduna Larretxearekin batera.

Lan guztiak burutzeko, Rekondok eta Atutxak 23 minutu eta 49 segundo behar izan zituzten, eta Felix Etxeberriak eta Fausto Mugertzak, berriz, 25 minutu eta 38 segundo.

Larretxeatarrak

D multzoko saioa askoz ere estuagoa izan zen. Faboritoak, larretxeatarrak, alegia, izan ziren nagusi, baina sei segundoko tartea bakarrik egon zen.

Saralegi gaztea aritu zen Olasagastirekin Etxebeste ordezkatuz, eta leitzar gazteak sekulako lana egin zuen, eta garbi geratu zen 20 urteren bueltan badaudela lau edo bost aizkolari maila handia izango dutenak.

Saioak bi zati ezberdin izan zituen, izan ere lehen partean Larretxea familia izan zen nagusi. Donato bikain aritu zen, eta Ohian gaztea ere bai, nahiz eta aste honetan lanean istripu bat izan duen, eta horrek ere eragina izan zuen.

Azkeneko lanera, iraupen probara, alegia, alde handi samarrarekin heldu ziren, baina hor Saralegik eta Olasagastik lan bikaina egin zuten eta garaipena lortzetik sei segundora geratu ziren, eta hurrengo saioa irabazi beharko dute final-laurdenetarako bidea egin nahi baldin badute Donatok eta Ohianek, berriz, urrats handia eman dute hurrengo fasean izateko.

Lan guztiak burutzeko, 25 minutu eta 10 segundo behar izan zituzten, eta 25 minutu eta 16 segundo berriz, behar izan zituen Saralegik eta Olasagastik osatutako bikoak.

Aizkorari buruzko liburu mardul bat argitaratu dute

«Aizkora apustuak eta txapelketak, 1949-2009» izeneko liburu berri bat aurkeztuko dute datorren ostiralean Subillan, Ulibaltza elkartean. Antton Espolain ezaguna da bere egilea, eta 700 orrialde eta ia 500 argazki bildu ditu liburu honetan. 30 euroan egongo da salgai datorren asteburutik aurrera, eta hor ateratzen den diru guztia Miel Mindegia aizkolariari eskultura bat egiteko erabiliko dute. Aurkezpena ostiralean 19.00etatik aurrera egingo dute, eta gaur egungo eta lehengo aizkolariak ere izango dira bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo