Ixabel Etxeberria Irakaslea
Gogoeta kolektiboa aitzina!
Paris ez da mugituko. Hemengo hautetsiek beren aulkiak zaintzen jarraituko dute. Blokatzea nola askatu? Euskaldunei dagokigu urratsa ematea, bestenaz hemengo hautetsiek aitzakia nahiko izanen dute euskararen aldeko urratsei arrasta emateko, eta alegiazko euskararen aldeko lanetan aritzeko. Horretaz nahikoa dakigu jada!
Gogoeta sakonen ondotik, Nobel saria ez baitzaio nornahiri ematen, kontzeptu berria ekarri digu Obamak: gerla zuzena. Esku sartze humanitarioarena entzun genuen eta ikusi zenbat hiltzen dituzten jendeen babesteko herritarrak bonbardatuz! Zinez inozentetzat gaituzte, ala benetan ez dugu deus ulertzen, mundu honek hiztegi eta kontzeptuen iraultza bizi baitu. Indar armatu handiena duen gobernuburuak, planeta gehien kutsatzen laguntzen duenak, diktadurak babesten dituenak, gerla zuzenaren kontzeptua saldu nahi digu. Ez dakit zer pentsa lezakeen Afganistango karrikako jendeak, ez dakit zer gehiago asma daitekeen edozein bortizkeria, boteretsuena noski, justifikatzeko!
Obama gezur ibiltari bat da, Nobel saria zarpan gerlari gehiago igortzen ditu Afganistanera, Iraketik ez da ateratzen, Honduraseko diktadura berria babesten du, Guantanamo ez du hesten... eta zerrenda ez da hor amaitzen.
Militante batek gogoeta sanoagoa egin du. Goresmenak Pariseko epaitegian Paponi hamar urteko kartzela zigorra bota ziotela jendetasunaren aurka egindako krimenengatik gogorarazi digunari. Harrigarria da epaileak ez duela kanporatu! Parekatzea ez da beti ona izaten, baina ekintza horri esker ohartzen gara justizia injustizia handia dela, txikienari ez zaiola oparirik egiten, hamabost urteko kartzela gehi frantses lurraldetik betirako kanporatzea. Zigor bikoitza deitzen zitzaion horri garai batez. Gaur egun, ez da komentatzen ere!
Gobernua ere gogoetatzen ari omen da! Gobernu hau askotan ari da gogoetatzen, adibidez jakiteko Sarkozyren semearen eskuetan zer erakunde nagusi jar daitekeen. AHTrentzat ez du gogoetatzen, erabakia hartzen du eta hala. Hizkuntza gutxituen legeari buruz bai, hor gogoeta beharretan dago, ea lege bat egokia litzatekeen benetan hizkuntza gutxituek jasaten duten egoerari erantzuteko. Horretaz ari diren elkarteek ez baitute gobernu honen jakitate eta zuhurtzia legea eskatzen dutelarik. Hau komedia! Paris ez da mugituko. Hemengo hautetsiek beren aulkiak zaintzen jarraituko dute. Blokatzea nola askatu? Euskaldunei dagokigu urratsa ematea, bestenaz hemengo hautetsiek aitzakia nahiko izanen dute euskararen aldeko urratsei arrasta emateko, eta alegiazko euskararen aldeko lanetan aritzeko. Horretaz nahikoa dakigu jada!
Abertzaleen arteko gogoeta kolektiboak erantzuna ekarriko dio egungo egoera politikoari. Hori hasten dugu EHArekin. EHA erronka berria da heldu diren hilabeteetan ezkerreko abertzaleek zer-nolako lana eraman nahi duten erabakitzeko. Ez da erronka samurra, ez dira beti une goxoak izanen, baina aitzinetako esperientziak baliaturik jakin behar dugu abertzaleak biltzen, konbentzitzen eta erabaki guneetara irizteko bideak irekitzen. Abertzaleen arteko tirabirak kirol zabaldua direnez, horiek baretzen ari beharko da, helburu konkretuak, zehatzak, funtsezkoen segurtatzeko. Independentziarako bidea ez baita bat-batean zabalduko, gogoeta lasaiak eta konpartituak beharko ditugu. Une hauek oinarriak eta lehentasunak non dauden jakiten lagunduko gaituzte, horretarako antolatuko gara, eta sekulan baino gehiago elkartasunari garrantzia emango diogu, interes komunen alde. Herria eta hizkuntza, biak loturik daude, zioen Xalbadorrek; denentzako lana bada.