GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Anbiguotasuna, kontraesana eta komenientzia

Anbiguotasuna eta kontraesana pertsonaren berariazko ezaugarriak ditugu; pertsonek eratzen dugun heinean gizartea, baita honena ere. Eta zein ondo jokatzen den, zein baliabide eraginkorra bihurtzen den, batik bat, erabaki garbiak edo bidezkoak hartzeko ausardiarik ez dagoenean. Horren adibideak erruz aurkituko ditugu, baina nik erakusgarriak diren gertatu berri bi jarriko ditut. Hasteko, Abortuaren Lege berriaren punturik gatazkatsuenari -legea bera bertan behera uzteko asmo irmoa dutenek bihurtua gatazkatsu-, alegia, 16 eta 17 urtetik beherako nesken haurdunaldia gurasoei esan gabe eteteko eskubideari eman zaion irtenbidea dugu, EAJ konbentzitzea lortu ostean. Horretarako, hasieran zuen izaera, adin horretako emakumeek badutela erabakimen nahikoa aintzat hartuta, baztertuta nahitaez jakinarazi beharko diotela gurasoetariko bati gutxienez, edo tutoreari, badagokio, ezarri da. Betebehar hau saihesteko modu bakarra adingabeak «gatazka larri garbia edo familia barnean indarkeria, mehatxuak, tratu txarrak jasateko edo behartua izateko nolabaiteko arriskua duela edo deserrotze edo babesgabetasun egoeran gera daitekeela arrazoituz» baino ez da izango.

Beraz, badirudi kasu askotan sendagilearen esku egongo dela aurrera egitea ala ez. Interpretazioaren mundu zabalean sartuta, zer da gatazka larria, zer babesgabetasun edo deserrotze egoera, noiz dago nahikoa arrazoituta... Sendagileak ez badu onartzen adingabearen hitza, zein egoeratan aurki daiteke hau? Haurdunaldia eteteko erabakia norberak hartuta, gurasoei edo beste inori ez esateko edukiko dituen arrazoiak izanda, ez al du izango aurrera egiterik? Pribatura jo eta dirua ordaintzea beste aukerarik ez al du izango? Eta berriz ere lege berriaren aurretik zegoen egoeran aurkitu?

Ez litzateke hain arraroa izango. Konponbideak jarrita arazoak bere horretan jarraitzea -edo okerrago- ez da batere ezohikoa. Afganistanen gertatzen denari begiratzea besterik ez dago. Konponbidea gerra eran sartu zuten han, besteak beste, talibanen erregimenpean emakumeek bizi zuten egoera larria aitzakia hartuta. Gerra, miseria, heriotza eta tropa gehiago, eta egoera ezer gutxi aldatu da herrialdean, emakumeena bereziki ez aipatzearren. Bien bitartean, gerra egiteko tropa gehiago bidali eta Iraken ere gerran dabilen agintariari Bakearen Nobel saria eman diote. Ni aho bete hortz utzi ninduen Obamak saria onartzeak. Baina onartu eta jaso egin du, eta eskerrak emateko hitzaldian, gainera, gerra justifikatzeko alegatua egin du, batzuetan ezinbestekoa dela argudiatzeko bere -eta bere nazioaren- arrazoiak azalduta.

Bakearen alde egiten duten lanagatik saria jaso beharko luketen beste pertsona asko otutzen zaizkit niri. Afganistan bertakoak, adibidez, egunero bizia jokatuta eta baldintza irudikaezinetan askatasunaren eta duintasunaren alde jardunda, Nobelak dakarren diruak lagundu egingo bailieke bakearen eraikuntzan. Ez baita airetik lortzen. Baina, esan bezala, anbiguotasun eta kontraesanez eginak gara, eta hala jokatzen dugu, gustura jokatu ere. Komenientziaren arabera, betiere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo