GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Goizeko saioa | Txapelketa Nagusia 2009

Zortziko txikiak aldatu zuen BECen mikroklima

p010_f01_201x144.jpg

Joxean AGIRRE | BARAKALDO

Amets Arzallusen kartzelako ariketaren ederra edo Maialen Lujanbioren filigranaz jositako hiru bertsoak komentatuz atera ziren atzo BECen bildutako bertsozaleak bazkaltzera, baina bertako giroak askoz ere lehenago egin zuen gora, zortziko txikian hain zuzen ere, eta ez zuen geroztik apenas beherakadarik izan.

Sustrai Colina eta Unai Iturriaga egokitu ziren ariketa horretan. Biek telebistako albistegian lan egiten dute, eta emankizunaren erdian, hankarekin ukitzen hasten zaio Unai Sustrairi. Lehen bi bertsoek igo zuten txalo zaparradaren maila. «Gabon, buenas noches, esan ta kolpera/teleberri erdian posible ote da/ hanka bota ez du ba nere hanka artera/ telezerri izango da hemendik aurrera», hasi zen Sustrai eta honela erantzun zion Unaik: «Zuk nahi duzuna, baina belauna zer bero/ orain bideo bat dago, luzaroan bego/ formatu honetara ez zara ohitu edo/ hau aurrerapena da, notizia gero».

Amets Arzallus eta Aitor Sarriegi gerturatu ziren mikrofonora segidan. Aitorrek erretratua eskatzen dio Amets margolariari eta bost ordu lanean eman dituen arren ez du bukatzeko itxurarik. «Arkatza hartu eta nolako abaila/ zalantzan jarriko det laster zure maila/bi begi ta ahoa, sudur bat, masaila/ Kontxo!, dibujatzeko ez naiz horren zaila», hasi zitzaion Sarriegi. «Aizu ez da arkatza, hau da akuarela/ hogeita bi kolore eta nere tela/ jakin behar zenuke, dakidan bezala/ zu bi metro egitea nahiko zaila dela», erantzun zion bere lehen bertsoan Ametsek.

Egañaren eta Mendiluzeren txanda izan zen hurrena eta hauena izan zen beharbada barre algararik handienak eragin zituena, gaia ere halakoxea baitzen: Aitorren lehen lan eguna zen eta bere lankideekin doa bazkaltzera. Atean, ordea, Andonik ama aurkitzen du babarrun termoa eskuetan duela.

Ederki hasi zen Aitor eta bikain jarraitu zion Andonik. «Lehenengo lan eguna hasi det honela/ atarira irten-da sorpresa itzela/ sentitu nahi nuen bai etxean bezala/ baina esan nizun, ama, hau gehiegi zela». Hona Egañaren ateraldia: «Etxean beti gose ta beti asekaitz/ hargatik taperrakin etorri naiz garaiz/ lantegitik irtena zazpi lagun alaiz/ denentzako egin det, zuekin joango naiz».

Ariketa honetan ez zuen bikote bakar batek ere huts egin eta horren lekuko dira Jon Maiak eta Maialen Lujanbiok kantatu zituztenak ere. «Ezkontza batean dantzan hasi zarete. Jon, zuk nahi baino estuago heltzen dizu Maialenek», gai hori eman zieten, eta begira zein bikain moldatu ziren. «Hasieran arin-arin ta gero fandango/ gero gogor helduta hiruzpalau tango/ estutzen dizkidazu hemengo ta hango/ lasai egon maitea, ez naiz eta joango», bota zuen Maiak. «Aspaldi ukitu gabe nabil halamodu/ hau gaztetxoa zana lehen ta nola gizondu/ gerria guri-guri tripa ere ondu/ guapo nahi al zenuke nerekin ezkondu?», erantzun zion Lujanbiok bere lehen bertsoan.

Bakarka puntuari erantzuten Maialen Lujanbio ibili zen beharbada dotoreen. «Lehen Juan Joxe eta orain berriz Patxi», izan zen jarri zioten lehen puntua. «Batak besteari ezin ezer irakatsi/ publizidadeari ondo dio eutsi/ baina justizia ta fundamentu gutxi», erantzun zion. «Juan Carlos Erregea ETB1en», bigarren puntua. «Parrea ateratzen zait hori entzutean/ PSOE ETBrekin dabil jo-ta-kean/telebistak itzali Eguberri partean», erantzun zion Lujanbiok.

Sei puntuko motzean ere bertso sorta ederra bildu genuen BECen entzule ginenok. Ordurako giroa berotzen hasita zegoen, artean kartzelakoan egingo ziren olatuak iritsi gabe baziren ere.

Amets eta Iturriaga jarri zituzten lanean. Unai gizarte laguntzailea da, eta Ametsek bere bulegoan paper batzuk izenpetu ondoren ohartzen da honek ez dakiela irakurtzen. Ametsen lana bikaina izan zen. Adibide gisa hona lehena: «Astero bueltan elizan/ ardo minduen kalizan/ barka zaidazu, ikastolarik nik ez nuen izan/ ta nere begien ehizan/ gizon erruki on gisan/ alfabeto bat baino gehiago baitaude bizitzan». Goi mailakoa izan zen halaber Egañak eta Lujanbiok egin zuten bertsoaldia, giltzurrun-emaile Maialen. «Hurbildu nere ohera/ banator nere onera/ eta eskerrak adierazteko nago egarbera/ giltzurrun donante bera/ ta emakumea gainera/ sentiberago izan ninteke hemendik aurrera», bota zuen bigarrenean Andonik, eta «Nere zati baten parte/ sentiberago zinake/ orain gu biok badegu zerbait betirako kate/ lehen bi ta huts bion kalte/ orain bat ta bat enpate/ mundua ere lojika hontan hobe lihoake», erantzun zuen Maialenek gero eta errazago menderatzen duen bere bertsokeraren erakustaldia eginez.

Kartzelako gaia txapelketa honetan hain modako bilakatu den gai ireki horietako bat zen. «Kazetaria zara. Badakizu idazten ari zaren artikulua azkena izango dela». Bertsolari bakoitza bere bidea aurkitzen saiatu zen. Andoni Egañak, esate baterako, Euskal Herria askatu bezperan jarri zuen bere burua eta balizko egoera horretatik ederki moldatu zen, baina ez zuen lortu entzuleen bihotzetara iristea. Amets Arzallusek ikuspuntu pertsonalago batetik kantatu zituen hiru bertsoak eta freskoagoak geratu zitzaizkion. Eskuekin eta hankekin egin zuen txalo zaleak. Sustrai Colina, berriz, tortura salaketa gogorrak egitera doan «El País» egunkariko kazetari baten larruan sartu zen eta poliki ibili zen. Baina beste behin ere Maialen Lujanbio izan zen beharbada bertsorik harrigarrienak osatu zituena, bigarrengoaren bukaerarekin arazo txiki batzuk izan bazituen ere.

Ordurako entzuleak olatuak egiten ari ziren aretoan eta bertako negutegi efektuak erabat beroturik zeukan giroa. Jendea korrika batean atera zen mokaduren bat egitera arratsaldeko gozamenerako eserleku txukun bat aurkitzeko asmoarekin.

zortziko txikian

Zortziko txikian ez zuen bikote bakar batek ere huts egin eta aretoan zegoen giroa berotzen hasteko balio izan zuten bertsoaldiek. Kartzelakoan etorriko ziren olatuak

Kartzelakoan

Txapelketa honetan hain modan jarri den gai erabat ireki horietako bat jarri zieten kartzelakoan eta bakoitzak oso irtenbide ezberdinak aukeratu zituen.

lujanbio

Lujanbiok behin eta berriz erakutsi zuen lantzen ari den bide berriak eman dezakeela emaitzarik. Filigrana ikusgarriak egin zituen goizean ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo