Txapelketa Nagusia 2009
Barakaldoko Egoitz Coto
Jon GARMENDIA, «Txuria» | Kazetaria
Toulouseko kartzelan nintzen 2005eko finalean, eta urruntasun hartarik tristura puntu batekin bizi izan nuen bertsoaren festa handiena. Kartzelariek zigortu-eta, abenduko egun anitz mittard batean iragan nituen, eta han, ez zen irratirik, ez telebistarik, ezta etxekoen bisita ukaiterik ere; ia hilabeteko berantaz jakin nuen txapeldunaren izena, eta ordurako Espainiako harri-burdin artean nengoen. Lagun batek helarazi zizkidan finaleko bertso guziak, idatziz, eta filtro anitz iragan ondotik eskuratu nituen nik, honela, finala jokatu eta urte erdira gozatu nituen hango bertsoak, baina ziegako oren ilunetara argia ekarri zidaten.
Egun, filtroak gogorrago dira, larrutik probatzen ari dira ene kide eta lagunak, heien senideak larrubizirik jartzen dituzte eta! «Uso de razón» ez dut sekula ukan, eta irakurle... zuk ere ez; euskaldunontzat debekatua baita arrazoia erabiltzea. Baina akordua dudanetik, Olentzeroren etorrerak baino poz gehiago ekartzen zidan lau urtean behineko finalak. Aurten berriro bizi izan dut, telebistan. Goizean goiz jaiki eta mallabitarraren etxera joan gara, Ziburura, iheslari garen batzuk hala egin dugu hemen, «al otro lado del charco» diren kideek badakit berdin egin dutela, lagun muelasen Infozazpi-rekin, edo etsai dudan etebesatekin. Barakaldon zen bertso finala, eta gure Cotozarrarekin akordatu naiz. Egoitz, 2002tik da kartzelan, Barakaldokoa da bera, 38 urteko kondena du, eta bertsoak entzuten egonen zen han; ni ere han egonen nintzen. Halaxe egonen ziren kartzelan diren guziak, ene min kideak, baita bizia emanaz bizi hobe bat eskaintzen ari direnak ere. Jon Anza ere laguna nuen. Lagun mina. Baina ez du jakinen txapeldun berria zein den. Ez behintzat bertsuzale ez zelako. Zorionak Maialen, baina benetako txapelduna zu maite zintuena da: Jon Anza.