Txapelketa Nagusia 2009
Maialenen giltzurruna
Xabier IZAGA | Kazetaria
Bertsolariek pixa egiten al dute? Ez al dago bi bertsolari txapel beraren pean sartzerik? Azken galdera honek berdin-berdin balioko zuen Ametsek irabazi izan balu ere. Arreta eman zuen hasiera-hasieran Ametsek poto, erdi-poto edo poto erdia egiteak; hala ere, eguerdirako nabarmen samarra zen goi-goian izango zela. Eta eguerdia baino lehen ere Andonik txapela eskainia zion Maialeni, giltzurrun baten truke. Arratsaldean denetik izan zen, baina bertso onak nagusi. Umore pixka bat gehiago ez zen sobera egongo beharbada, hartarako aukera ematen zuen gairik ez baitzen falta izan, baina bertsolariak ez ziren txantxetarako egongo. Maialenen eta Ametsen artekoan (ezin esan gabe utzi) kartzelakoa gogoratzeko modukoa izan zen. Zein baino zein hobeto jardun zuten, batez ere suaren gainean. Bertsozaleak pozik entzun zuen saioa burutik burura, eta pozik agertu zen azkenean txapela Maialenen burura joanda. Ez dut esan nahi bertsozaleak ez zuela nahi Andonik irabazterik, baina egingo nuke beste batek irabaztea nahi zuela. Kontraesana da, badakit, baina badu bere azalpena: Txapelketa baino lehen Andonik berak konbentzitu zuen bertsozalea, Andoni bera ere poztu zen, itxurakeriarik gabe poztu ere, Maialenen giltzurrunaren ordez haren burmuina transplantatu izan baliote bosgarrena jasoko zuen jakitun. Eta, azken agurrak entzunda, bederatzi bertsolari txapel baten azpian? Hau nire iritzia baino ez da, baina kontuan izan ni ere banaizela bertsozalea. Atzotik bertsozaleagoa.