GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Arratsaldeko saioa | Txapelketa Nagusia 2009

Biki, mendizale, txikitero nahiz garbitzaile, denak BECen

Festa betean hasi zen atzo bazkalosteko saioa. tortilla bokataren kondarrak eta patxaranak oraindik eskutan, Zuraren doinuek berotu zuten siestarako asmorik ez zeukan bertsozalea.

p006_f03_199x118.jpg

Ane ARRUTI

Zuraren «Bertsoka-bertsoka» doinuekin nahikoa ez-eta, oriotarren txarangarekin batera kantuan jarritako 14.500 ikusleek eman zioten ongietorria arratsaldean bertsolari zortzikoteari. Zortzi ez, ordea, hamar igo ziren oholtzara. Zuriñe Iarritu gai-jartzailea ere borobilduago sumatu baitugu txapelketa aurreratu ahala eta halaxe kantatu zioten agurretan. Denentzako prestatutako gidoian, hiru betebehar: hamarreko txikian binaka, puntuka binaka, eta doinu eta gai librean bakarka. Ohikoa den moduan, ale umoretsuenak puntukako ariketan entzun genituen eta bertsoaldi borobilenak, berriz, bakarkako lanetan.

Azken lan honetan oso goitik hasi zen Maialen. Medikuaren larruan, minbizia duten bi haurrek ospitaleko korridoreetan aulkiekin nola jolasten zuten begira, hunkitzeko duen gaitasunaren beste demostrazio bat utzi zuen. «Elkarri nola beitzen dioten burusoiltxo eta kalbo/ minbizia duten bi umeeri begira-begira nago/ eurengan minak badu indarra baina bizitzak gehiago», amaitu zuen lehenengoa baina berehala desbideratu zuen begirada bigarrengoan: «Baina kontentu ta lasai daude jolas hoietan argi da/ ta maitasuna behar dutenak euren gurasoak dira». Eta jarraitu: «Zuen umeak indartsu dira hemen ez da deus amaitu/ ze bizitzeko gogoa dunak bizitzea lortzen baitu».

Mendiluzerentzat, berriz, honakoa gaia: «Zure aitaren izena zuen kaleari izena aldatu diote». «Baina seme bat ezin ote du maitatu eta omendu/ herriak jarri zuen plaka hau ta orain epaileak kendu», hasi zen, «lau urte barru lor dezakegu eskatu nahi nizuena/ kale hortan berriz ikusi nahi det gure aitaren izena», bukatzeko.

Iturriagak aukeratutako bidea izan zen, beharbada, gogorrenetakoa. «Ordu erdi daramazu dutxako txorrotaren azpian, baina markak ez dira joaten» izan zen gaia. Atzoko bizkaitar bakarra ur handitan sartu zen, baina, lehorrekoa izanagatik, igerian ederki dakiela erakutsi zuen. «Neure burua neuk zauritu dut enuelako bizi nahi/ ta orain enaiz ispilura joan eta begiratzeko gai», eman zuen jakitera eta bigarrengoan pistaren bat eman bazuen, hirugarrenean, zergatia: «Behin betirako hil nuelako nik gehien maite nuena/ baina sendiak hartu baitzidan abokaturik onena/ hiru lau froga aldatu eta orduan kitto problema/ ulertu zuten maitea zela zirikatzen zebilena».

Halako hotzikaren ostean, une goxoak oparitu zizkigun Egañak, bost urteko alabak Olentzero lanetan harrapatu ostean. «Begira pakete honek ze gaizki zeukan papera», hasi zen disimulatzen. Saiatu zen, nola hala gezurrak botaz «jakinminosari»: «Ni basoka ur baten bila hemendik pasatzen nitzan (...)/ ERE bat ipini dute lan egiten dun enpresan». Baina ebidentziaren aurrean, tratua onena: «Hemen bai zuk ta bai nik-e behar degu disimula/ nik etzaitudala ikusi eta zuk ez dakizula».

Sarriegiri, ostera, anaiari laguntza ukatzea tokatu zitzaion mila bider eskaini ostean. «Beste behin ere dirua eskatuko dit gizonak/ nunbait bukatu zaizkio atzo eman nizkionak». «Arazoa hartu behar degu behingoz parez pare/ ahal dela hartu ta esan beharko diot xuabe/ atzokoa zen azkena amarengatik badare», errematatu zuen.

Hurrengoa kantuan Jon Maia izan zen. Bizilagun bat zuen zelata, eta poliziaren zantzua hartu zion zumaiarrak. Ederki deskribatu zituen bere pauso guztiak: «Nola kortina atzetik dena duen errepara/ nola noan komunera ta nola noan gelara/ zeinekin hitz egin dudan nola eskegi izara/ frogarik ez daukat baina hau zer den badakit jada/ ni lasai banago ere ez noa lasai lotara».

Autobuseko bakardadea

Gaia entzunda hautatu zuen bidea originalegia ez izan arren, bere kontatzeko moduak eta erraztasunak txundituta utzi gintuen beste behin. Goizero autobusean hutsik geratzen den eserleku bakarra Amets Arzallusen ondokoa tokatu zen. Kantuan hasi eta bat-batean isilik gelditu zen hendaiarra baina txalo zaparrada indartsu batekin berriro ekin zion lanari. «Autobus hontan gogoratzen naiz pateran gentozen nornai/ han zeinen estu gentozen eta hemen tamalez ze lasai», lehenengoan eta ondoren: «Baina hemengoak azalez eta hitzez zuriak direnez/ bi urteotan ez dator inor ta hemen nago neure penez/ autobus baten barruan goaz baina bide berean ez».

Colinak ere ongi josi zuen bere lana, omenaldiaren ostean etxera bueltan zihoan andereñoaren burutaziotan murgilduta. «A ze kazetari pila, hau politiko tropela/ ta orain iruditzen zait etxerantza natorrela/ gure irudiarekin aprobetxatu direla», esan zuen lehenengoan eta azkenengoan, berriz, «hori izan zen instintoa maitasuna eta sena/ berriz egingo nukela behinola egin nuena/ hori da senti liteken omenaldirik onena».

Puntuka, dotore

Ezin denak aipatu baina orokorrean gehienak lasai eta ongi aritu ziren puntuka. Gaiek ere lagundu zuten arratsaldeari umorea jartzen. Sarriegi eta Egaña hasi ziren, bi anaia bikiak, amaren tripatik irteteko momentuan. Aitor hasita, honakoa osatutako bertso bat: «Gaueko hamabiak nere arabera/ zuretzako badauka berandu tankera/ egun diferentean jaioko al gera/ zu mantsoa zera ta badago aukera».

Iturriaga eta Maia bi putre atzetik zituztela mendian galduta aritu ziren. Unai hasita, honakoa lehenengoa: «Berriro galdu gara zure erruagatik/ putreak zeuk dauzkazu ez dakit zergatik/ zu ikusi zaituzte alturarengatik/ hau gertatzen zait luze jaiotzeagatik». Maialen eta Sustrai, aldiz, azkena behin eta berriro hartuz, erretiratu ezinik aritu ziren txikiteoan. Maialenek kontuak eskatu zizkion ondokoari: «Tragoa hartu bai baino ez dezu pagatzen/ mundura perfektua inor jaio al zen/ uste al zenuen enaizela enteratzen/ ni hainbeste eurokin enaiz aklaratzen».

Eta bertsoak bukatu zain, Mendiluze eta Arzallus, BECeko garbitzaileak. Aitor hasi zen purrustaka lehena eta Ametsek jarraitu: «Jo ta orain puntutan hauxe da hau txapa/oaindik bertso gehiago besteik etzan falta/ ia milana ale dituzte botata/ ni lo hartzen hasi naiz eternala da ta».

Ofizioka, epelago

Nahikoa epel hasi zen arratsaldekoa saioa ofiziokako lanekin. Bertsoaldi gogoangarriena, buruz burukoa jokatuko zuten biek osatutakoa. Gabon gaueko afarian mahaitik ez altxatzeko eskatu zion Ametsek Maialen amari. «Etzaitez sutondora hola joan korrika/ Olentzero oraindik ez da etorri ta», semeak lasai. «Beti ez jeikitzeko dabiltza esaten/ platera sukaldera ez da oinez joaten», amak.

Sarriegi eta Maia izan ziren kantatzen aurrenak. Igeriketako entrenamendua zela-eta, hamasei urteko semeak beste behin koadrilako afariari uko egin ziola zuten gaia. «Zer gertatuko zaion nahi dizut azaldu/ dominak irabazi ta lagunak galdu», esan zion Sarriegik.

Andoni bilobak, berriz, Iturriaga aitonarekin egin zuen topo hau bitxilore bati petaloak banan-banan kentzen ari zela. «Estomaguan daukat kezka bat larria/ ia izango degun amona berria», galdetu zion Egañak eta Unaik ez zuen zalantzarik izan: «Zahar xamarra bada ere pozik hartuko dut».

Mendiluzek eta Colinak errehabilitazio zentroan ezagutu zuten elkar, eta Aitor bazihoan etxera. «Jakin ezazu Aitor sinisten dudala/neri ere eguna helduko zaidala».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo