GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Txapelketa Nagusia 2009

Suzko emakumeak

Lander GARRO | Kazetaria

Nekez sinetsiko zuen suak atzo Barakaldon jaso zuen omenaldia jasoko zuenik, halako eztiz eta halako luxuz. Bertsoaren miraria bere gordinean, bere erraitasun gorenean. Askok galdetzen diote euren buruari nondik ote datorkion Txapelketa Nagusiari halako ospea, baina erraz aurki dezake erantzuna halako jarioan. Hortxe bi azti, 14.000 lagun gosetien aurrean, hustasunetik edertasuna sortuz, hitza arma bakartzat. Non eta Euskal Herrian, hitza debeku bilakatutako lurralde kiskali honetan: halako paradoxak! Epaileek kendutakoa, noski, plazak itzuli behar zion bueltan herriari, eta zer da ba bertso finala, plaza ez bada, edo herria bere definizio trinko eta estuan. Sua hitz, eta hitza, su. Arrazoi zuen Amets Arzallusek euskaldunok hezur bilakatu gaituztela esandakoan, egurra pairatuagatik hezurtuta, alegia. Haragia bidean utzita gaude, bidaia luzeetako asfalto lakarretan urratuta. Mina, besterik ez daukagu. Baina atzoko gozatuak hartzean ohartzen gara galdutako haragiaren ezinbestekotasunaz, eta egia lazgarri horrek ohartarazten gaitu izan ginenaz, eta, bidenabar, noizbait izan beharrekoaz.

Haragiaren samurtasuna zer den ongi daki ahora hezurra besterik eraman ezin duenak. Azkenean neska bakarra txapeldun. Zapidun esan genezakeen, loria emakumetzearren, baina geurea herri gizondua da, zer egingo diogu. Eta horixe ere ongi dakit, emakume izateagatik Alacanteko isolamenduan zarraturik daukadan arreba minez oroitzen baitut. Hori ere, bide batez esanda, geuk baino lehenago ikasi dute espainiarrek: emakumeak direla geure hezurrei falta zaien haragia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo