GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Txapelketa Nagusia 2009

Maialen, txapeldun

«Mila zorion ta goraintzi/ eman gabe nola utzi/ Euskal Herriko txapela horra Maialeni jantzi/ al dezun artean eutsi/ ez dezu meritu gutxi/ emakumerik oraindik ez da hortara iritsi». Horixe Joxe Agirrek Maialen Lujanbiori kantatutako bertsoa. Hernaniarrak txapela buruan eta irribarrez begiratzen zion ondotik. Txapelaren itzalak ez zituen iluntzen mundua desberdin ikusten duten begiak, mundukoak desberdin kontatzen dituen ahoa. Aurpegi horren argia gailentzen zen, txapelik gabe bezala, txapelarekin. Hasi eta bukatu bordatu zuen saioa Maialenek, josi baino gehiago egin zuelako. Eta berdintsu Amets Arzallusek, txapeldunordeak. Ez zelako beste txapelik, bestela Arzallusek beste bat eramango luke. Galdetu, bestela, BECeko olatuari.

p002_f01_308x220.jpg

Amagoia MUJIKA | BARAKALDO

Ze ondo ematen dion txapelak Maialeni. Mundua desberdin ikusten eta ikusarazten duten begi horiekin distira berezia hartzen du txapelak. Hasi eta bukatu, goiz eta arratsalde, lan handia egin zuen hernaniarrak eta, azkenean, txapela burura, ondo irabazita, ondo merezita. Bera, pozik eta BEC, txoratzen.

Txapelduna bera zela jakin zenean, Ametsengana hurbildu eta sekulako besarkada eman zioten elkarri. Elkarrekin josi zuten saioaren azken txanpa, buruz burukoa, eta oso une polita izan zen. Buelta eman, eta, nola ez, Andoni Egañarentzat besoen beroa. Egaña, eleganteetan eleganteena. Esana zuen emozionatu egingo zela txapela beste baten buruan ikusita eta halaxe gertatu zen. Berak ere jaso zuen txalo dosi ederra, merezitakoa, eta «Andoni, Andoni» oihukatuz eta zutik tartea eman zuen BECeko olatuak.

Eta azken agurrean txapelketaz agurtu zen txapeldun handia: «...nik erabakia hartu dut hemendikan lau urtera/ nahiz diferentzia badagon egon jeiztetik jeistera/ ni oso harro pasako naiz naturala horixe da/ behien aulkiak aipatzetik behian aulkiak jartzera».

Egañaren ondoren, atzean txaloka zituen kantukideak besarkatu zituen Maialenek banan-banan. Polita izan zen Jon Maiak besoetan gora altxatu zuenean. Maia, beti Maia, konkistatzailea hitzekin eta ekintzekin.

Baina atzokoan, Jon Maiaz gain, izan zen beste konkistatzailerik: Joxe Agirre. Maialeni txapela janztera igo zen oholtzara. Saroi Jauregik gerturatu eta galdetu zion bertsorik botatzeko asmorik ba ote zuen. Joxek sorbaldak altxatu eta, tira, botako zuela. Hasi zen eta ez bat eta ez bi, lau bertso bota zituen jarraian. Nonbait berak ere surf egin nahi zuen BECeko olatuan. Eta aretoak olatuekin, txaloekin, oihuekin eta eromenarekin erantzun zion. Oso une beroak eta eroak bizi izan ziren azken agurretan. Eta agurrak hasi eta bukatu entzutea oso zaila izan zen bertso tarteko txalo zaparradak zirela-eta.

Jende asko penaz joan zen, txapel bakarra eta txapeldun asko zegoelakoan. «Hemen etzan inor txarrik/ hau ez da esan beharrik/ pena bat daukat zortzi buru ta txapel bat bakarrik», kantatuz jarri zion Joxe Agirrek ahotsa askoren sentsazioari.

Zortzi txapel agian askotxo, baina Amets Arzallusek beste bat merezi zuela entzun zen saioaren ondoren BECeko pasilloetan. Saioa amaituta Ametsek zeraman irribarrea ikusita, ez zirudien txapelaren hutsune handirik zuenik. Pozik, egindakoarekin gustura, lasai, hustuta eta beste ezeren beharrik gabe sumatu genuen.

Buruz burukoa

Buruz burukoaren aurretik, zeintzuk pasatuko ziren jakiteko irrikaz zegoen plaza. Jakinminak sortzen duen egonezin urduriarekin, bertsozalea. Eta BECen olatua behin, olatua berriz, euskal presoak etxeratzeko aldarriak, txalo jolasak...

Halako batean igo zuten bi izenak zeramatzan papertxoa. Buruz burukoan kantatuko zuten bi bertsolarien izena orden alfabetikoz emango zuela esan zuen Saroi Jauregik. Hasi zen eta, lehena, Amets Arzallus. Bai izenez eta bai abizenez zortzietan lehena. Inkognita bere horretan, eta ordurako, plaza lehertuta. Eta jarraian etorri zen Maialen Lujanbioren izena. Eta plaza indartsuago lehertzea ezinezkoa zirudien arren, berriz harritu gintuen.

Orduantxe igo ziren lainora Maialen eta Amets, eskutik helduta. Eta saioa amaitu eta gero jaitsi gabe zeuden artean. Akaso, gaurko. Besarkada estua eta benetakoa lehendabizi. Malkoak ez ziren urruti. Oso hunkituta eta pozik zeudela ikusten zen. Eta oraindik lana zeukaten egiteko.

Polita izan zen buruz burukoa (bertso guztiak transkribatuta daude 14. orrialdean). Seiko motzean ondo ibili ziren biak, baina Maialen koska bat goraxeago. Maialenek egun osoan saio oso ona egin zuen, bakarkako puntuatuenak bereak izan ziren eta ofizioka ere puntu mordoa pilatu zuen.

Ametsek ere oso txukun josi zuen egun osoko saioa, baina bi akats txiki utzi zituen bidean. Goizeko saioan poto bat utzi zuen, zalantzakoa batzuentzat eta argia besteentzat. Arratsaldekoan, bakarkako gaia hasi, eta trabatu egin zen. Momentu ederra izan zen; Ametsek estropezu egin, trabatu, isildu, publikoaren txaloak jaso, atzeko kantukideen animoak jaso, baietz egin buruarekin eta aurrera. Lehen bertsoaren errepika ez zen entzun ere egin. Berriz ere eskuak nahiko ez, eta hankekin ere txalotu zuen hendaiarra bertsozaleak.

Azken buruz burukoan parean aritu ziren biak, puntu pare bat gorago Amets. Baina ordurako Maialenek koskatxoa aterata zion puntutan eta horrek eman zion txapela. Egun guztian barna ondo egindako lanak eman zion txapela hernaniarrari.

Azken agurrak, hunkigarriak

Bertsolarien azken agurrak oso momentu polita marraztu zuten. Zortzigarrena hasi zen, Aitor Sarriegi. Baina lehenak bezainbat txalo jaso zituen finalean estreinakoz aritutakoak. Bada idatzi gabeko ohitura bat eta horren arabera taldeko gazteenak bota ohi du goizeko saioko azken agurra. Atzo, gazteenak ez, berrienak bota zuen, Aitor Sarriegik. Eta bai gustura bota ere, finaleko bertso bakoitza bota zuen bezala. Sarriegik oso saio ona egin zuen, ez zuen sufritu zuenaren batere itxurarik eman eta bere aukera ondo aprobetxatu zuen.

Aitor Mendiluze izan zen zazpigarrena. «Zorionak Maialen bertsoaren dama/ txapelak irabazi du zure xarma/ gaur frogatu da hitza dela gure arma/ beste ezer baino indar gehiago daukana/ ta gu tanta bana/ itsasoan barna/ bakoitza doana/ zuek eramana/ zor dizugu olatu egin izana», kantatu zuen agurra. Andoaindarrak une distiratsuak izan zituen, baina apalagoak ere bai. Finala maratoia da eta ez da erraza hasi eta bukatu goian mantentzea.

Seigarrena, Sustrai Colina. Batere presiorik ez duenaren gisan aritu zen, lasai eta gozatuz. Colinak askotan demostratu du plaza handiek ez dutela kikiltzen eta atzo ere berea eman zuen. «Txapeldunari zer esan ole Maialen torera/ Amets joan tabernara eta txanpaina atera», hasi zuen agurra.

Unai Iturriaga, bosgarren. «Mila zorion Maialen hoiek bertso eaggak/ eskerrik asko Andoni pertsonak dira izarrak», hasi zuen berea. Baina aipamen berezia egin zien Igor Elortzari eta Josu Zabalari. «Gora gu ta gutarrak» esanez amaitu zuen eta primeran laburbildu zuen atzoko finalean nagusitu zen sentimendua. BECen zeuden 14.500 lagunak gutarrak sentitu ziren, talde bereko jokalari.

Andoni Egañaren txanda iritsi zenean, plaza berriz ere zutik. Jendeak txaloak emateko zituen, malkoak isurtzeko eta irriak gastatzeko. Eta bihar biharkoak, horrelako bertso hitzordu bat lau urtean behin bakarrik izaten da-eta. Martxelo Otamendik eman zion saria Andoni Egañari eta txalo zaparradaren bolumena biderkatu egin zen. Eta sorbaldatik helduta, txaloak konpartitu zituzten Egañak eta Otamendik. Egia esan, egun osoan izan ziren txaloak, «Egunkaria auzia» dela-eta egunotan Madrilera joan behar dutenen alde. Egañak berak ere aipatu zuen auzia bere goizeko lehen agurrean.

«Aupa Maialen zorionak tokatzen zaizun antzera/ adiskide ta bertsolari ezin hobea baitzera», abestu zion Andonik. Elkartea ere aipatu zuen eta berriz zutitu zen BEC, lagun askok egindako lan onak errekonozimendu hori ondo merezia duelako.

Jon Maiaren garaipena

Txapeldun asko izan ziren atzo. Eta Jon Maia, tartean. Azkenean lortu du txapelketan bere onenetik gertu aritzea eta hirugarren postua lortu zuen. Bera ere gustura zegoen egindako lanarekin, ez atzo bakarrik, txapelketa guztian barna. «... imajinatu lehendakari bat gure mintzaira dakina/ elkarrizketa bihurtzen dela justizi ta pake grina/ imajinatu Euskal Herri bat gaur bezela bat egina/ onenak gera segi lanean etzazue imajina», bukatu zuen bere agurra zumaiarrak.

Eta Ametsen txanda atzetik aurrerako sailkapenean. Hustuta eta beteta ikusten zen hendaiarra. Hustuta, berea emanda, egindakoaren gustura, botatakoaren aseta. Eta beteta, emozioz eta pozez beteta, gehiegizkoa balu bezala. Esandakoa, lainoan. «Maialen zuk zeinen ahots ta zein hitz hunkigarriak/ txapela pozik laztantzen digu zure belarriak/ eta nere miresmena Andonirengan jarria/ muxu bat ama maitea ta Olatz maitagarria/ eta oraindik entzuten dira gure aldarriak/ askatasuna behar du gure hitz xume larriak/ har ditzala nere txalo nere bertso ta irriak/ presoak ta senideak ta egunkari zahar-berriak/ bere askatasun bidea urratzen duen herriak».

Eta, azkena, lehena. Maialen Lujanbio. Halako batean Joxe Agirrek bota zituen bere lau bertsoak, plaza zutiarazi zuen, bertsozalea hunkitu zuen eta Maialenek txapela eskaini zuen. «Gogoratzen naiz lehengo amonen zapi gaineko gobaraz/ gogoratzen naiz lehengo amonaz gaurko amaz ta alabaz/ Joxei ta zuei mila zorion miresmenaren zirraraz/ ta amaituko dut txapel zati bat zuek guztiontzat lagaz/ gure bidea ez da erreza bete legez juizioz trabaz/ Euskal Herriko lau ertzetara itzuliko gara gabaz/ eta hemen bildu dan indarraz, grinaz eta poz taupadaz/ herri hau sortzen segi dezagun euskaratik ta euskaraz».

BECen goizean sartu eta iluntzean atera. Ordu askoko ametsa izan zen, nahi duena izan daitekeen herri baten amets gozoa. Iraun dezala gure memorian ahalik eta luzeen. Ez gaitzatela goizegi esnarazi. Eskerrik asko denei.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo