Txapelketa Nagusia 2009
Zortzi ahots, zortzi bertsokera
Agin REZOLA | Kazetari eta bertsolaria
Maiak esan zuen finala hasi baino lehen atzo zortzi bertsokera entzungo genituela, eta halaxe izan zen. Behin baino gehiagotan erakutsi zuten hori zortzi bertsolariek, baina batik bat, Jon Maia berak eta Aitor Sarriegik arratsaldean egindako hamarreko txikian antzeman zen. 16 urteko semea koadrilako afarira beharrean, igeriketako entrenamendura joan zen; hori zen gaia. Sei bertsoen amaierak entzun besterik ez zegoen estiloen ezberdintasuna antzemateko. Jon Maiarenak hauek: 1. «agian dabil bere buruaren bila». 2. «denboran galtzen dira lagunen dominak». 3. «malkoa da kezkatzen nauen ur bakarra». Aitor Sarriegirenak, berriz, honako hauek: 1. «egin behar al du, dominak irabazi ta lagunak galdu». 2. «zer nahi duzu semea ala txapelduna?». 3. «berak nahi duelako jarraitu dezala» (igeriketan).
Beste horrenbeste esan daiteke buruz burukoan Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusek egindako lanaren gainean. Preso zegoen laguna bisitatzeko biluztu beharrari kantatu zioten biek, kartzelako gaiak hala eskatuta. Maialenek, ausartuko nintzateke esatera, barrura begira kantatu zuen eta Ametsek, berriz, kanpora begira, baina biek oso ongi. Bakoitza bere estiloan. Ez dakit azaltzen asmatuko nukeen, baina, esate baterako, Maialenek aipatu zuen preso zegoen bere bikotekideak erakutsi zizkiola duintasun eta askatasun bezalako hitzak, ondoren zera esateko: «zenbat tasun ezpainetan eta zeinen muxu gutxi». Ametsek, berriz, ea zergatik eskatzen dioten biluzteko, Euskal Herria aspaldi dagoela hezurretan eta. Teknikoki bikain josi zituen hendaiarrak hiru bederatzi puntukoak (erraza zirudien Amets entzunda!) eta ederki errematatu zuen. Esan zuen eskutitz batean idatziko ziola bere irriparra, hori zelako berak biluzteko zekien modu bakarra. Oso bertso onak entzun genituen atzo, bereziki arratsaldeko saioan, eta bertsolari bakoitzak utzi zuen bere firma. Bertsotan hobeto edo okerrago egitea baino, baten estiloa edo bestearena gehiago gustatzea izan zen atzokoa. Hori da behintzat atzo BECen izandako 14.500 iritzietako bat. Gaizki kontatu ez banituen.