GARA > Idatzia > Euskal Herria

Presoek EHUn ikas dezaten eginahalak egin ditzala eskatu diote errektoreari

p011_f02_123x423.jpg

GARA |

Unibertsitate eremuko ehun bat irakasle, langile eta ikaslek euskal presoek espetxe frantses eta espainoletan bizi duten egoeraren aurrean «benetako kezka» agertu zuten atzo Leioako campusean eskaini zuten prentsaurrekoan.

Larriki gaixo dauden presoek kartzelan bizi duten egoeraz, euren zigorra beteta izan arren kondenak luzatzen dizkieten presoen aferaz eta sakabanaketa politikaz aritu ziren agerraldian. Alta, eskubide urraketa horietaz gainera, hezkuntza munduko herritarrak izanik ez zuten aipatu gabe utzi euskal preso politikoek ikasi ahal izateko dituzten zailtasun eta trabak.

Izan ere, espetxe espainoletan dauden euskal preso politikoek debekatuta dute euren ikasketak euskaraz eta EHUn egitea. Hortaz, ikasteko hautua egiten duten horiek UNEDen bidez eta gaztelaniaz egitera derrigortuta daude. Horrek guztiak hezkuntzarako eskubidea urratzeaz gainera, euren hizkuntza eskubi- deak ere urratzen ditu, agerraldian azaldutakoaren arabera.

Estatu frantseseko kartzeletan preso daudenek antzeko egoera dute gaur egun. Izan ere, orain arte EHUn ikasteko aukera izan badute ere, ikasturte honetan ezin izango dute ikasketekin jarraitu; eta hortaz, dagoeneko ikasketak gauzatzen ari diren preso horiek euren aukera kolokan ikusiko dutela salatu zuten atzoko prentsaurrekoan.

EHUko Gobernu Kontseiluak presoen ikasketak arautzeko Protokoloa aho batez onartu zuen arren, Estatuko Abokatuak horren aurkako errekurtsoa jarri zuela ekarri zuten gogora. Finean, Gobernu espainoleko Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiarekin hitzarmenik lortzen ez den bitartean presoek ezin izango dutela EHUn ikasi salatu zuten.

Bilbon hitzordua

Horiek horrela, atzoko agerraldian EHUko errektore Iñaki Goirizelaiari eskatu zioten eginahal guztiak egin ditzala presoek beren ikasketak EHUn eta euskaraz egiteko eskubidea bermatua izan dezaten, eta bide batez, datorren urtarrilaren 2an Bilboko kaleetan euskal presoen eskubideen alde egingo den manifestazioan parte hartzeko gonbidapena luzatu zieten euskal herritarrei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo