«Etxean egiten dudan lana egiten baldin badut, konforme geratuko naiz»
Aizkolaria
Joseba Otaegi lehen aldiz arituko da igandean Arbizun jokatuko den Euskal Herriko Lehen Mailako finalean. 26 urterekin, gainera, bera izango da lehian arituko direnen artean gazteena. Zaleek itxaropen handiak dituzte berarengan, baina aurten eskarmentua hartu eta gozatu egin nahi duela esaten du.
Jon LEUNDA
Otaegi izango da igandean Arbizun jokatuko den Euskal Herriko Txapelketako finaleko berrikuntzetako bat. Zizurkildarrak lehen urtea du Lehen Mailan, eta berak lortu duena oso gutxik lortzen badute ere, finalean izango da.
Zer moduz zaude finalari begira?
Oso ongi. Katarro apur bat-eta izan dut, baina oso ongi, eta sekulako ilusioarekin nago. Betiko ametsa da maila nagusiko finalean izatea, eta hor izango naiz. Orain eskarmentua hartu eta gozatu egin nahi dut.
Zerk ematen dizu kezkarik gehien?
Ezer gutxik. Helburua aurten mailari eustea zen, eta finalean sartu naiz; beraz, alde horretatik ez daukat inongo kezkarik. Agian lanak berak eman dezake kezka; hor lau oinbiko daude, eta horiek dira kezkagarrienak.
Galtzeko gutxi izango duzu finalean. Horrek lasaitasun handia ematen al dizu?
Sekulakoa. Finalean izatearekin helburua beteta daukat, eta egiten dudana egin, ongi egongo da, eta horrek sekulako lasaitasuna ematen du.
Orain eskarmentua hartu nahi duzula diozu, baina txapelaren lehian ere laster sartu beharko duzu, ezta?
Bueno, txapela oraindik oso urrun ikusten dut, baina egia da, aurtengoa ikusi eta gero, apurka-apurka lehia horretan sartzen joan beharko dudala. Gazte mordo bat bagabiltza, eta denok gatoz gora. Aurten ni finalean naiz, eta Atutxak eta Rekondok lortu dute maila nagusira igotzea, beraz, laster hasi beharko dugu lehia horretan sartzea pentsatzen.
Orain dela bost urte Lakuntzan plazaratu zinen lehen aldiz, Hirugarren Mailako Euskal Herriko kanporaketan eta azkena izan zinen. Aldaketa ederra eman duzu ordutik, ezta?
Bai, bai. Dena dela, orduan, plazan erakutsi nuena baino gehiago egiten nuen etxean. Hura izan zen, ordea plazaratu nintzen lehen aldia, eta gauzak oso trakets egin nituen. Nik uste dut aldaketarik handiena azkeneko bi urte eta erdian eman dudala, Agiterekin hasi nintzenetik. Gauzak serioago hartu ditut, eta uste dut emaitzak ere ari direla heltzen.
Igandean finala jokatuko duzun leku berean iaz Bigarren Mailako txapela lortu zenuen.
Bai, eta sekulakoa izan zen niretzat. Txapela irabaztea gauza bikaina izan zen, eta gainera onenekin lehiatzeko bidea zabaldu zidan horrek. Hala ere, urtebete geroago maila nagusiko finalean izango nintzela esan izan balidate, ez nuen sinetsiko.
Zerekin konformatuko zinateke igandean?
Nire lana egitearekin. Lehen esan dudan bezala, galtzeko ez daukat ezer, eta gozatu egin nahi dut. Etxean egiten dudan lana egiten baldin badut, konforme geratuko naiz.
Badirudi Nazabal dela irabazteko faborito bakarra. Zeuk ere hori uste al duzu?
Bai, bai. Une honetan bera beste guztien gainetik dago, eta zerbait gertatzen ez zaiola, ez dut uste inor gai izango garenik berari txapela kentzeko.