AIZKORA
Arbizuk lehen aldiz hartuko du Lehen Mailako finala
J.L
Arbizu herriak lehen aldiz hartuko du aizkorak urtean duen ekinaldirik garrantzitsuena, Euskal Herriko Lehen Mailako, finala, alegia. Ekinaldia, bertako kiroldegian jokatuko da igandean, 12.30ean hasita
Atzo egin zen aurkezpena. Jexuxmari Mendinueta alkateak esan zuenez, ohore bat omen da, bertan lehiaketa hau antolatzea. «Honelako final bat antolatzea ohore bat da guretzat. Hau antolatzeko eskaintza egin zigutenean, ez genuen batere zalantzarik izan, eta segidan esan genuen baietz», esan zuen herriko agintariak.
Kiroldegiak eserita 700 bat ikusle hartzen omen ditu, baina zutik ere izango du jendeak egoteko modua, beraz gehiago ere sartzeko aukera izango da. Alkatearen esanetan, gutxitan lortu omen da kiroldegiko harmailak betetzea, baina iganderako sarrera handia espero dute.
17.000 euro
Final honek izango duen aurrekontua 17.000 eurokoa da, eta arduradunek esan zutenez, kosturik handiena sarietan joango da, 13.000 inguru izango baitira lantegi horretarako. Gero, enborrak ere ordaindu behar dira, eta gainerako gastuetarako ere geratuko da. Enborrak, berriz, bertako taldeak jarriko ditu, eta lana urteroko bera izango da, azken 25 urteetako bera. Lau kana-erdiko, lau oinbiko eta lau 60 ontzako moztu beharko dituzte.
Finaleko berrikuntza nagusiak, berriz, Joseba Otaegi eta Jexuxmari Mujika izango dira. Lehenengoak lehen urtea du maila nagusian iaz Bigarren Mailako txapela lortu ostean, eta bigarrenak, berriz, bigarren urtea du. orain dela bi urte Bigarren Mailakoa irabazi ostean. Iaz doi-doi eutsi zion Lehen Mailari.
Saio hau hasi aurretik, mutikoen aizkora saio bat ere izango da, Sakanan badute-eta herri-kirol eskola. Dena bertatik bertara ikusi nahi duenak, berriz, 15 euroren truke erosi beharko du sarrera. Kiroldegia, herriaren sarreran dago.