GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Euskal Herria igarri nuen

Herria berez sortzen den espiritu baten inguruan batzen da berez, horrela nahi duelako, eta domekan Barakaldon, neure herri erdaldunean, duela lau urte bezala, Euskal Herria igarri egiten zen

El Correo»ko kazetari batek txapelketa baino lehenago ondoko galdera erretorikoz hasi zuen bere artikulua, ea noiz eta non jaio zen bertsolaritza, nork asmatu zuen eta zelan lortu zuen euskal lurralde guztietan zabaltzea. Hori galdetzea gizadiaren hastapenei buruz galdetzea lakoa da. Normala da batzuek pentsatzea poesia norbaitek noizbait asmatu zuela, akaso jadanik ordenagailu eta guzti, baina ez. Poesia emakume-gizonen berezko dohain eta premia da eta horrelaxe sortu zen, emakume-gizonekin batera, kantatzen den hizkuntzekin batera.

Argentinako Marta Suintek erreferentziak topatzen ditu erromatar eta greziar mitologietan; saalik poeta preislamikoak ere aipatzen dituzte batzuek... eta gaurko egunean hainbat herrialdetan dira repentistas izeneko ahozko poetak, Latinoamerikan ezagunenak, geure kulturaren ikuspegitik, jakina. Beste termino bat, agian gehiagotan erabiltzen dena, payadores dugu eta honetan esan behar, gure Payatarrei benetan zetorkiela berezko dohaina, abizenean eta guzti.

Hala ere, mundu globalizatu honetan herri kulturaren adierazpide guztiekin gertatzen den legez, Andaluzia, Argentina, Uruguai, Brasil edo Kuba bezalako herrietan bat-bateko poesia molde hauek gero eta baztertuago daude. Payadek edo tira-tirek, bertsolari biren arteko «borrokek» jadanik ez dute jendearen atentzio larregi merezi, antza.

Eskerrak herri benetan burugogor batean bizi garela, bertsolaritzari berez tokatzen zitzaion patuaren kontra borrokatzen jakin dugula, bertsolari txapelketa batek mundu mailako famadun ezein taldek bilduko lukeen jende multzoa eta ikusmina biltzeraino. Izugarriak izan dira jendearen jarraipena eta grina, hasi orduko nerbioak, bertsolarienak ez ezik, bertan geunden guztionak ere. Hori guztia lortzeko egin den lan eskerga egin izan ez balitz, bertsolaritzak destinu petrala izango zukeen.

Horixe da herria, azken finean, herri kultura-adierazpideen inguruan batzen den jende multzo bat. Berezitasun propioak dituen eta berezitasun propio moduan sentitzen dituen jende multzoa. Herria ez da politikariek euren intereserako batzuentzat bakarrik sortutako zerbait. Herria berez sortzen den espiritu baten inguruan batzen da berez, horrela nahi duelako, eta domekan Barakaldon, neure herri erdaldunean, duela lau urte bezala, Euskal Herria igarri egiten zen. Ez zen Sarkozyren Akitania, ez Sanzen Reyno de Navarra ez Lopezen Euskadi. Euskal Herria zen. Baina hauek guztiek ez dakite zer den Euskal Herria eta ezagutzeko asmo izpirik ere ez dute; alderantziz, ezagutzen ez duten hori desagerrarazteko asmoa da Euskal Herria ukatzera eroaten dituena.

Lagun batek esan zuen lehengo egunean BECeko ilusioa dela piztu behar duguna. Irribarretxoa jaso zuen erantzun moduan, momentuan komentarioa «sentimental» samarra gelditu zitzaion-eta. Baina egia da, bertako ilusioa eta osotasun baten parte izatearen sentimenduak dira ureztatu behar direnak, ereinda badaudelako. Sentitzen dut telebistatik ikusi zenutenongatik, telebistako pantailatik oraindik sentsazio, sentimendu eta taupada batek ere ez baitu sekula sofara ailegatzea lortu. Baina nik bertan Euskal Herria neure baitan igarri nuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo