Ainara Maia Urroz Idazlea
Bihotz begirada honekin besarkada bat zuri, Maia...len
Igandeko bertsolarien besarkadei begira, begiak bustirik, irribarre xumea ezpainetan, maite ditudan guztiengan eta maite nauten guztiengan pentsatu nuen
Amona, ama, alaba guztiek BECen sentitu duten zirrara iritsi zait pantailaz bertzaldera nire etxeko egongelaren negu hotzera. Maialen Lujanbiori buruan txapela ikusteak poztu du ainara hau, eta negarrez, hunkiturik, egun osoko pozminaren ura bat-batean atera zait aurtengo 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko zortzi bertsolarien agurrekin, eta Joxe Agirreren pena ere neure egiten dut, zortziak txapeldun izateaz gain, bertsozale guztiok baikara, euskaldun guztiok garaile igandean.
Orain badut hutsune bat hemen barnean, norbaiten izen bat duena, eta negar malko batzuk isuri ditut, baina bihotzeko begirada honekin; nahi izanez gero, dena posible dela sinetsarazi didate bertsolariek, nahiz eta neure bizitzaren une honetan dena gaizki egin dudala (olerkiak...) sinetsarazi izan didaten maite ditudan batzuek. Besarkada bat zuri, Maialen, nahiz eta beharbada ez zaren olerkari xume lotsati honetaz oroituko, gutxitan ausartu bainaiz mintzatzera.
Bukaeran eman eta hartu dituzun besarkadak neureak sentitu ditut neure egongelaren hoztasunean, telebistaren pantailaren hoztasunetik haratago, beharbada neure bakardade honetan inbidia sano batekin, zure ausardia eta sentiberatasuna miresten ditudalako.
Bukaerako besarkaden beroak sentitzen ditut oraindik neure barneko hoztasunean, eta bertsoaren dama horren «bertso earrek» hunkitu naute erabat. Aupa Maialen, aupa Maia (ni neu umiltasunez), baita beste maia nahiz mendi luze horiek ere; egañaren aitzinean miresmenez makurtzen naiz, ametsez eta sustraiz osatzen baita herria, baita unai langilez ere, nahiz eta sarriegi eduki oztopoak eta minak, segi behar dugu beti aitzina! Bizitzeko gogoa duenak lortzen baitu bizitzea, eta, nahi izanez gero, dena posible dela sinetsarazi baitidazue.
Igandeko bertsolarien besarkadei begira, begiak bustirik, irribarre xumea ezpainetan, maite ditudan guztiengan eta maite nauten guztiengan pentsatu nuen. Ez dakit denek maite nauten, bitxilore batzuek baietz erran didate eta bertze batzuek ezetz; baina, hala ere, maite ditut, Xalbador hark bezala. Maitasuna maitasuna baino gehiago baita, bikote-harreman bat baino gehiago, jaiotzetik honatago eta heriotzatik haratago doan bizi-indar handia.
Horregatik besarkada bat eta urte berri on denoi, bertsozaleoi, euskaldunoi, irakurleei, Txekiako ene euskara ikasleei, ene familia osoari, ene maite kuttunari (badakit badakiela berekin nagoela) eta ene lagun guztioi (badakit badakitela beraiekin nagoela): feli, pili, bittori, iker, asier, miren, oihana, abbat, iñaki, iñigo, eva, pavlina, ramon, blanca, itziar, tomas, aitor, karmele, tere, gorka, laura, ainara, ainarita, esther, ramuntxo, ainhoa, fatima, neil, daniel, isabel, ana, kristina, david, edurne eta bertze hainbat gehiago, gutun honetan ezin baititzaket maite zaituztedan guztion izenak aipa; baina batez ere mila goraintzi ene ilargi maiteari, duela zazpi urtetik hona zerutik zaintzen nauen aita kuttunari.
Ni idazlea naiz, idazketak berak ez-dakit-zeretik salbatzen bainau, egunero idatzi behar dut zerbait, eta eskutitzak nahiz olerkiak dira biluzteko dudan modu bakarra, komunikatzeko modu bakarra.
Eskerrik asko guztioi, Gorramendi kaskora igota, gora gu eta gutarrak!