«Egunkaria auzia»: frogarik ezean, aski dira Guardia Zibilaren «ikerketa» eta eskaerak
Egunkaria»ren aurkako epaiketaren bigarren egunean, bi guardia zibilek egin zituzten deklarazioak argigarriak izan ziren. Eta beldurgarriak. Izan ere, «Egunkaria»ren aurkako polizia operazioan instruktore gisa jardun zuen guardia zibilak aitortu zuen euskal hedabide hori ixteko eskatu zuela. Halaber, «Egunkaria»k ETArekin lotura zuela esan zuen, baieztapen hori frogatzen duen inolako elementurik aurkeztu gabe. Atzo lekuko gisa deklaratu zuen guardia zibil horrek berak peritu gisa ere deklaratuko du epaiketan.
Argi sumatu da auzi horretan Guardia Zibilak paper erabakigarria izan duela, hain erabakigarria non haren txostena den akusatuen kontrako froga bakarra. Txosten hura izan zen Auzitegi Nazional espainoleko instrukzio epaileak kazeta itxi eta akusatuei behin-behineko kartzela ezartzeko erabakiaren oinarria. Prozedura hori ez da ezohikoa, ordea, eta euskal herritarren berme juridikorik eza agerian uzten du.
Atxilotua torturatzeko erabakia ez du guardia zibil batek edo polizia batek hartzen, baina hartarako ahalmena ematen dietenean, haren eragina ikaragarria da. Ikaragarria, polizia-etxean, eta ikaragarria ekar ditzakeen ondorioak direla-eta.