GARA > Idatzia > Mundua

Honduras ALBAtik ateratzeko pausoak ematen hasi da Michelettiren Gobernua

Roberto Michelettiren Gobernu kolpistak Honduras ALBA Amerikarako Aliantza Bolivartarretik kanporatzera bideratutako ekimen bat eraman zuen atzo Kongresura. Emandako azalpenen arabera, «herrialde batzuen errespetu ezak» bultzatu ditu erabaki hori hartzera.

GARA

Roberto Micheletti buru duen Gobernu kolpistak Honduras ALBA erakundetik ateratzeko ekimena jarri zuen atzo abian eta erabakia Kongresuaren esku utzi zuen.

«Gaur [atzo] emango diogu Kongresu Nazionalari atzo gauean Ministroen Kontseiluak hartutako erabakiaren berri, Errepublikako presidente Roberto Michelettik izenpetutako akordio baten bidez», eman zuen aditzera atzo Gobernu kolpistaren Presidentetzako ministro Rafael Pinedak. Pinedaren hitzetan, erabakia «ALBAko kideetako batzuek herrialde bati dagokion errespetuzko tratua eman ez diotelako» hartu dute.

ALBAren ituna bertan behera uzteak, Pinedak berak zehaztu zuenez, ez luke merkataritza harremanen erabateko haustura ekarriko; adibidez, Petrocariberen bidez egiten den erregaien erosketa mantendu egingo litzateke.

2008tik

2008ko abuztuaren 25ean egin zuen bat Hondurasek ALBA erakundearekin, Manuel Zelaya -estatu kolpe baten bidez kargutik kendu zutena, iragan ekainaren 28an- agintean zegoela.

Azken erabakia Honduraseko Parlamentuaren esku dagoela nabarmendu zuen, eta Venezuelako presidente Hugo Chavezen «errespetu gabeko jarrera» erabili zuen Exekutibo usurpatzailearen jokabidea justifikatzeko.

«ALBAk sozialismoarekin duen lotura ukatu» zuela gaineratu zuen. «Denborak, baina, baieztatu egin zuen lotura hori egon badagoela».

Gainera, Hondurasen eta Ameriketako Estatu Batuen arteko harreman ona nabarmendu zuen Pinedak, herrialde hura beti «lagun» izan dutela esanez. «Une zailenetan beti izan dira gure aldamenean», adierazi zuen.

Amnistia

Hauteskundeetan garaile izan zenak, Porfirio Lobok, Kongresuaren oniritzia jasotzen saiatuko dela esan zuen atzo, Ganberak egun herrialdeak bizi duen krisi politikoari irteera emango liokeen amnistia onar dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo