GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hedabideak, argitalpenak eta aisialdia lehenetsiko dituela adierazi du EEPk

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) euskararen erabilera sustatzeko lau oinarrizko jarduera finkatu dituela azaldu du; hedabideen, argitalpenen zein aisialdiaren arloetan eta gizarte bizitzan lanean arituko direla ziurtatu du. Honetarako hiru milioi euroko aurrekontua du.
p014_f01_094x144.jpg

GARA |

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) -Ipar Euskal Herrian euskararen alde lan egiten duen erakundea, Gobernu frantsesaren menpekoa- 2010 eta 2016 bitartean garatu nahi duten hizkuntza proiektuaren nondik norakoak azaldu zituen atzo. «Arloz arlo, planifikazioa finka- tzeko» momentua heldu dela aipatu zuen EEPko lehendakari Max Brissonek. Horretarako, irizpide orokor bi erabiliko dituztela gaineratu zuen. Alde batetik, publiko zabalean eragin handia izango dituzten jarduerak bultzatuko dituztela aurreratu zuten. Bestetik, «aurrerapausoak emateko aukerarik hoberena eskaintzen dituzten ekimenak» lehenetsiko dituzte.

Euskararen erabilera sustatzeko asmoz, lau «oinarrizko jarduera» marraztu ditu EEPk. Brissonek zehaztu zuenez, hedabideen arloan, telebistan eta irratian euskararen presentzia «zabaltzea» izango da EEPren lehentasuna. Argitalpenaren atalean, aldiz, irakurketa publikoa lehenetsiko dute; aisialdiaren arloan, «umeentzako harrera zerbitzuak eta kultura heziketa» azpimarratu zituzten. Azkenik, gizarte bizitzan, euskararen «itzala zabaltzeko» gehienbat garraioetan eta administrazioan arituko dira.

Atzo aurreratu zutenez, EEPren aurrekontua bermatzen duten hiru erakunde nagusiek -Estatu frantsesak, Akitaniako eskualdeak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak- iaz baino 120.000 euro gehiago ezarriko dute 2010ean. Orotara, 3.056.000 euro bideratuko ditu erakundeak.

Bestalde, euskalgintzako eragileek hizkuntza gutxituen aldeko legea ezinbestekoa dela aldarrikatu zuten berriz, Kultura ministro frantsesak halako legerik ez dela izango berretsi ostean. Beraz, EEPren lehendakari Max Brissoni eskatu zioten bitartekari lanetan jarduteko Pariseko Gobernuak jarrera alda dezan. Alta, Brissonek, Estatua EEPren partaide dela gogora ekarriz, ezetz esan zion Gobernuaren aurrean presioa egiteko eskakizunari.

presioa

Hizkuntza gutxituen gaineko legeari buruz, Pariseko Gobernuak jarrera alda dezan «bitartekari lanetan jarduteko» eskatu zioten EEPren lehendakariari euskalgintzako eragileek. Alta, Brissonek ezetz esan zion eskakizunari.

aurrekontua

Estatu frantsesak, Akitaniako eskualdeak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak iaz baino 120.000 euro gehiago ezarriko dituzte 2010eko aurrekontuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo