Arrantzaleek Parisi emandako antxoa kuota gaitzetsi dute
Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek pozik hartu dute urte berria hastearekin batera antxoaren arrantza baimentzeko erabakia, baina Estatu espainolak frantsesari arrantzarako kuota handitzea gaitzetsi zuten. Izan ere, ez dute ulertzen zer dela eta eman dion Madrilek Estatu frantseseko flotari bi estatuetako arrantzaleek adostu zutena baino 100 tona gehiago.GARA |
Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek pozik hartu dute Europar Batasuneko Arrantza Kontseiluak antxoaren arrantzak urteotan izandako debekua bertan behera utzi izana, baina negoziazioetan Estatu espainolak frantsesari emandakoa gaitzetsi zuten.
Izan ere, Parisek Gobernu espainolarekin bat egin zuen 2010 hasieran arrantza baimentzeko, baina horren truke Madrilek arrantzaleek sinatutako hitzarmenean zehaztutakoa baino kuota handiagoa eman zion Estatu frantseseko flotari. Eugenio Elduayen eta Ińaki Zabaleta Gipuzkoa eta Bizkaiko arrantzaleen kofradietako presidenteen arabera, Europar Batasunaren erabakia «berri ona da sektorearentzat», lau urte eta erdiko debekuaren ondoren. Hala ere, estatuen arteko hitzarmenaren «letra txikia» gaitzetsi zuten.
Bi estatuetako arrantzaleek dagoeneko sinatuta zuten kuotak banatzeko hitzarmena. Horren arabera, Estatu frantseseko arrantzaleek kuotaren %20 eta 100 tona gehiago lortuko zuten. Hala ere, EBren erabakian beste 100 tona gehiago eskuratu du Estatu frantsesak. Gainera, bertako arrantzaleek ekainean hasi beharrean, martxoan hasiko dute antxoaren kanpaina.
Elduayenek esan zuen arrantzaleek ez dutela ulertzen zergatik «Frantziak gehiago eskatu eta Espainiak gehiago eman zuen», sektoreen arteko hitzarmena baitzegoen. Aitzitik, Greenpeace eta Oceana erakunde ekologistek EBko ministroen erabakia deitoratu zuten, zientzialariek ez dutelako argi utzi antxoaren arrantza berriro has daitekeenik. Greenpeaceren arabera, arrantza baimendu aurretik espezie honen egoera ondo egiaztatu behar zen eta ez arrantza egiten den bitartean.
Oceanak, bestalde, erabakia «deitoragarria eta ulertezina» dela esan zuen, ICESen -Itsasoa Ustiatzeko Nazioarteko Kontseiluaren- debekuari eusteko aholkuak ez dituelako kontuan hartu.
Legatza
Bestalde, Victor Badiola Ondarroako Armadoreen Elkarteko gerentea pozik agertu zen legatzaren kuotak %7 igoko direlako Bizkaiko Golkoan eta Ipar Atlantikoan.
Bere ustez, ikerketa zientifikoen eta teknikoen arabera, agerian zegoen legatza egoera «oso onean» dagoela harrapaketak %7 igotzeko. Hala, Bizkaiko Golkoan 9.109 tona eta Ipar Atlantikoan 6.341 tona harrapatzeko aukera izango da.
Greenpeace eta Oceana erakunde ekologistek antxoaren arrantza baimentzeko erabakia deitoratu zuten ikerketa zientifikoak ez direlako kontuan hartu.