GARA > Idatzia > Kultura

Aipagarriak

«Mari-Lur» eta «Mairu-Lur», Gipuzkoaren aztarna sinboliko

Elkar argitaletxeak eta Gipuzkoako Aldundiak Elkarlanean, bi liburuz osatutako lana plazaratu dute; «Gipuzkoa, Mari-Lur» Joxe Ramon Zubimendik egina bata eta, «Gipuzkoa, Mairu-Lur», Juan Antonio Urbeltzek idatzia bigarrena. Euskaraz eta gaztelaniaz sortuak hurrenez hurren, Gipuzkoako unibertso sinboliko eta mitologikoan barneratzen dira bi liburuak.

p049_f01_199x112.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Bakoitza alde batetik begiratuta agian zerikusi handirik ez duten arren, Elkar argitaletxeak eta Gipuzkoako Aldundiak elkarlanean argitaratu dituzten bi lanek elkar osatzen dute. Gipuzkoako lurraldea aintzat hartuta, bere sorrera eta bilakaera dituzte ardatz nagusi, ikuspegi desberdinak baliatuta, hizkuntza, mitologia, sinbologia, historia eta kulturaren arabera.

«Gipuzkoa, Mari-Lur: Tierra de Mari» da aleetako bat, Joxe Ramon Zubimendik euskaraz idatzitakoa. Horren arabera, «Mari, antzinako euskaldunen jainkosa eta izadiaren ama, beltza da, Mari Beltza eta, euskaldunak, `burubeltzak'». Mitologiari jarrai, bere hitzetan, «euskaldunon jatorri mitikoa hauxe da: gizon-emakumeok basajaun-basandereen seme-alabak gara eta gure aiton-amonak hartzak dira (ez tximinoak), eta guztion arbasoak zuhaitz-arbolak dira (bereziki, aita haritza eta ama gaztainondoa)».

Zubimendik prentsaren aurrean azaldu zuenez, Goierrik menperatu zuen Gipuzkoako jatorrizko armarriko errege beltza, orduko basajaunek preso zeukatena, eta horrela sortu zen Beterri, mendeetan inor bizi izan ez zen mendeko bailara. Horrela, Goierri, Beterri eta Kostaren bateratzetik sortu zen Gipuzkoako lurraldea».

«Gipuzkoa Mairu-Lur: Tierra de Moros» da bilduma txiki honetako bigarren alea, Juan Antonio Urbeltz folklorista eta antropologoak gaztelaniaz idatzia. Urbeltzek ia bizitza osoa darama Euskal Herriko folklorea, historia eta kultura aztertzen eta, era berean, bide horien jatorria nondik datorren ikertzen. «Mairu hitzak, gurean eta beste kultura batzuetan, ezbairik gabe jatorri historikoa badu ere, bere esanahiaren muinean mendebaldeko kulturaren metafora harrigarrienetako bat ezkutatzen du», ohartarazi zuen. Bere ustez, «konturatu ala ez, mairua gure Euskal Herriko adierazpen epiko eta historiko handienetan dago».

Ihiz estalitako uhar eta estuario arriskutsuz osaturiko ekosistema izan zen Gipuzkoa, eta errege mairua garaitu ondoren sortutako paraje horiek menderatuta zeuzkan. Bizi izandako drama horren adierazpen gisa, errege mairua nahiz paisaia hura Gipuzkoako armarrian errotuta geratu ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo