Gogoratzen naiz
Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea
Lehengo amonen zapi gaineko gobaraz, gogoratzen naiz lehengo amonaz gaurko amaz ta alabaz...» Hauek izan ziren Euskal Herriko Bertso Txapelketan txapela buruan ipini zuen lehenengo emakumearen kantu hitzak, geure bizitzako emakume guztiak gogora ekarri zituen doinu gozoa, urtetan zehar, itzalpeko isiltasunean bizi izan diren hainbat eta hainbat emakumeren kantu hots ahaztua. Eta emakumetasun egoera horretatik abiatuta, guztiei eskaini zien gero ondo merezitako txapela: «... Joxei ta zuei mila zorion miresmenaren zirraraz. Ta amaituko dut txapel zati bat zuek guztiontzat lagaz...»
Une benetan hunkigarriak bizi izan ziren jendez lepo izan zen BEC kolosalean. Publikoaren olatu erraldoiekin batera, ikusleen emozioak uhin moduan baitzebiltzan gora eta behera. Hunkigarriak izan ziren Andoni Egaña txapeldunaren azken hitzak ere eta zer esanik ez, emakume garaileak, emozioari gogor eutsiaz, guztioi kantatu zigun azken bertsoa.
Eta ni neu ere gogoratzen ari naizen honetan, memoriaz akordatzen naiz, nor naizen akordarazten didan esperientzia multzo horretaz, naizenaren eta garenaren ardatz den argazki bilduma edota kutxa zahar misteriotsu horretaz. Izan ere, hilaren 18 eta 20an memoria galtzearen fenomeno edota gaitz horri buruzko antzezlan bat ikusteko aukera izango baitugu Donostiako Antzoki Zaharrean: Hika taldearen «Aitarekin bidaian», hain zuzen ere.
Promesak egitea erraza baita. Patxik amari bera hiltzean aita zainduko zuela zin egin zionean bezala. Baina eguna iritsi da eta aita-semeak bakarrik geratuko direnean, egoera ez da batere samurra izango. Semea berehala ohartuko baita aita ez dela berak ezaguturiko gizon hura, izan ere, burua galtzen ari baita eta, hori dela eta, Patxiren bizitza infernu bilakatuko da. Promesak egitea erraza baita, baina hura burutzea berriz, ez da kontu erraza, batez ere, parean duzuna ezezagun hutsa bilakatzen denean.
Eta euskararekin edota nahi dugunarekin gogoratzeko pilula magikorik ez daukagunez, aurreko asteburuan Donostiako Lugaritz aretoan ikusterik izan genuen «Euskarazetamol» antzezlaneko bi kideek bezala, Santo Tomasekin akordatu beharrean gaude, izan ere, laster izango baitugu geure artean.
Eta ezin ahantzi, kultura oparitzeko aukera paregabea eskura dugula guztiok Gabon egun hauetan. Eta opariez ari naizela, ezin gogotik kendu, ezta nahi ere, Maialen Lujanbio lehen emakume txapeldunaren itxaropen eta indarrez beteriko azken hitzak. «... Gure bidea ez da erreza, bete legez juizioz trabaz. Euskal Herriko lau ertzetara itzuliko gara gabaz eta hemen bildu dan indarraz, grinaz eta poz taupadaz, herri hau sortzen segi dezagun euskaratik ta euskaraz».