GARA > Idatzia > Kirolak> Eskubaloia

Emakumeen Munduko Txapelketa

Errusia edo Frantzia, urrezko domina ez da lekuz aldatuko

Errusiak, munduko egungo txapeldunak, erraz irabazi zion Norvegiari. Bestetik, 2003an urrea lortu zuen Frantziak 27-23 menpean hartu zuen Espainia.

p043_f01_097x116.jpg

GARA | NANKIN

Errusiako selekzioa da emakumeen eskubaloian azken urteotako Munduko Txapelketako erregina. XXI. mendea hasiz geroztik izandako lau torneoetatik hiru bereganatu ditu. Kasualitatez, 2003ko ekitaldian Frantziako selekzioa nagusitu zen. Hain zuzen ere, bien artean jokatuko dute Txinan jokatzen ari den Munduko Txapelketako finala. Bada, esan gabe doa urrezko dominak ez duela jabetza aldaketa handirik egingo.

Izan ere, ongi merezita egin zuten aurrera atzoko finalerdietan hala Errusiak nola Frantziak. Esaterako, erraztasun ikusgarriz hartu zuten hankapean egungo Europako txapeldun eta era berean txapeldun olinpikoa den Norvegia. 28-20ko emaitzak garbi adierazten du; atsedenaldirako 17-12 ziren aurretik irabazle aterako zirenak, defentsa gogorra eta joko egokia eginez.

Taldeko golegile nagusi Loudmila Postnovak sei gol sartu zituen, eta bere kide Emilia Tourei hegalekoak, berriz, bost. Atepean, berriz, Inna Souslina atezainak 11 gelditu zituen.

Bera Berak Itxako menderatu

Estatu frantseseko eta espainoleko selekzioek jokatu zuten aurreneko finalerdia. Bertan, ABF Ligako euskal taldeetako sei ordezkari. Frantziako selekzioan Akaba Bera Berako Amelie Goudjo eta Raphaelle Tervel eta Espainiakoan Lizarrako Itxakoko beste lau: Andrea Barno, Nelly Carla Alberto, Begoña Fernandez eta Eli Pinedo.

Bada, nahiz eta Itxakoko ordezkariek gol gehiago sartu -sei, Nelly Carla eta Begoña Fernandezen artean; ostera, hiru gol Tervellek eta bakarra Goudjok- Bera Berako neskek lortu zuten finalerako txartela, 27-23 izan zelarik azken emaitza, Estatu frantseseko selekzioaren alde.

Frantziarrak une oro izan ziren markagailuaren jabe. Jorge Dueñasenek lehenengo ordu erdian markagailuari nolabait eutsi bazioten ere, -12-10 atsedenaldian- bleuen defentsa gailendu egin zen bigarren zatian. Hala, zazpi goleko gehienezko abantaila ere lortu zuten Olivier Krumhbolzen neskek eta azken minutuetan garaipenaz gozatzerik ere izan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo