Juan Manuel Erasun I Lurgintzako artezkaritza kontseiluaren eta kudeatzaileen izenean
Gipuzkoako nekazaritzaren desegitea
Gero eta baserritar gutxiago gelditzen gara, jai eta aste lanean aritu ondoren bizitzeko besteko soldatarik lortu ezin dugulako. Baserritarrok gure ingurumena lantzeari uzten badiogu, gure mendiak eta belardiak sasiak eta oteak hartuko dituzte
Gipuzkoako Nekazaritza Departamenduak ez dauka nekazaritza jasangarria defendatzeko proiekturik. Foru Aldundiaren 2010ko aurrekontu orokorra %1,01 igo den bitartean, nekazaritzako partida orokorra %17,5 murriztu dute. Funtzionarioen soldatak ordaintzeko nekazaritzako aurrekontu osoaren %27 erabiltzen da. Foru Aldundiko beste departamenduetan funtzionarioen soldata gastua bataz beste %2,5ekoa denean, Nekazaritza Departamentuan zergatik dira funtzionarioen soldata kostuak hamaika bider gehiago? Nola da posible ia aurrekontuaren herena funtzionarioen soldatak ordaintzen gastatzea? Zergatik horrenbesteko gastua Nekazaritza Departamentuko funtzionarioen soldatak ordaintzeko? Nekazaritzako diru partida osoaren %22,5 bakarrik erabiltzen da nekazariei laguntzeko, bai zuzenean bai elkarteen bidez zeharka. Nekazariei laguntzeko programek %25 eta %100 arteko murrizketak jasan dituzte. Esaterako, nekazaritza ustialekuen egiturak hobetzeko laguntza plana bertan behera utzi dute. Nekazaritza ustialekuen egiturak hobetzeko beharrean, orain bi urteko zuloak tapatzeko jarriko dituzte 1.500.000 euro. 2009ko aurrekontuetan ustiatelekuen egiturak hobetzeko laguntza planean, 2008ko atzerapenak ordaintzeko 800.000 euro onartu zituzten eta 2009ko hobekuntzak egiteko beste 400.000 euroko partida onartu zen. 2009rako onartutako 400.000 euroko partida bertan behera utzi dute. Beste horrenbeste egin dute gazte planeko 402.000 euroko partidarekin. Diru partida horiekin zer egin dute? Nora desbideratu dituzte? Aurrekontuak zertarako egin eta onartzen dira, gero desagertzeko edo ez dakigu nora desbideratzeko? Onartutako programa eta diru partidak bertan behera utzi ahal ditzakete? Legala al da hori? Gure uste apalean, ez da legala!
Bestalde, Foru Aldundiak sortutako enpresa parapublikoak diren ISFE SAk eta IKT SAk, aplikazio informatikoak, informazioa prozesatzeko ekipamenduak eta mantentze-lanak egiteagatik, milioi bat euro baino gehiago jasotzen dituzte. Horientzako ez da heldu krisirik! Zentzuzkoa al da hori? Badira beste hainbat enpresa parapubliko funtzio zehatzik ez dutenak baina diru laguntza handiak jasotzen dituztenak.
Nekazariok oso haserre gaude Gipuzkoako Nekazaritza Departamenduarekin: aurrez aurre hitz onak eskaintzen dizkigute, baina nekazaritzaren etorkizunerako hausnarketa bateratu bat egin eta planifikazio egokia egin behar denean, erantzunik ez dugu jasotzen. Behin eta berriz krisia eta ogasuna dira errudunak eta oztopoak jartzen dituztenak. Baina nekazariok argi dugu: azken urteetako balantzea egiten badugu, oso garbi gelditzen da Gipuzkoako nekazaritza defendatzeko proiekturik ez dutela. Europan osoan nekazariei urtero ematen zaizkien diru laguntzen murrizketarik handiena jasan dugu.
Azken hilabeteotan Europatik datozkigun berriak oso txarrak izaten ari dira nekazariontzako; hain zuzen ere, nekazaritzaren liberalizazioaz ari gara. Gipuzkoako Aldundiko Nekazaritza Departamenduko erabakiek erabateko liberalizazioa dakarte.
Nekazaritza Departamenduko agintariak noiz konturatuko dira egiten dugun lanaz? Noiz aitortuko dute nekazariok egiten dugun lana? Errekonozimendua diogunean, egiten dugun lanaren ordain ekonomikoa jasotzeaz ari gara; kalitatezko produktuak ekoizteaz gain, gure paisaiaren kudeatzaileak ere bagara! Gure mendiak, belardiak eta basoak txukun mantentzeak lan asko du, eta horrek ordain ekonomikoa behar du. Azken urte hauetan, gero eta baserritar gutxiago gelditzen ari gara, jai eta aste lanean aritu ondoren bizitzeko besteko soldatarik lortu ezin dugulako. Baserritarrok gure ingurumena lantzeari uzten badiogu, gure mendiak eta belardiak sasiak eta oteak hartuko dituzte. Horiek txukun mantentzeko Diputazioak zenbat diru gehiago gastatu beharko du beste kapitulu edo programa baten bidez? Diputazioa konturatzen al da Gipuzkoako ingurumenaren kudeaketa zuzenean berak egin beharko balu izango lituzkeen ondorio kaltegarriez? Baserritarrok ez dugu limosnarik nahi, beste edozein herritarrek bezala egiten dugun lanaren soldata baizik!