«Indarra gitarretan jarri dugunez, azken emaitza rockeroagoa da»
13 urte zituela igo zen lehen aldiz taula gainera Utikan taldearekin, eta geroztik rocka izan du bidaide. 2005ean UK Bill sortu zuen. Taldearen diskorik berriena «Paridisu sekretua» da. Musikaria izateaz gain, Entzun! webgunean musikaz idazten du, eta Info 7 irratiko «Bailara ezkutua» rock saioa ere gidatzen du.
Koldo OTAMENDI |
Rafa Cabezak (gitarra eta ahotsa) eta Unai Corralek (bateria) gazte-gazte abitu zuten beren musika ibilbidea. 1986. urtea zen eta Utikan taldea jarri zuten martxan. Ordutik bi hamarkada pasa igaro diren arren, oraindik ere kantuak sortzen eta musikarekin gozatzen jarraitzen dute, gaur egun UK Bill taldean. Unai eta Rafarekin batera, Iker Laurobak (baxua) eta Oier Txoperenak (gitarra) osatzen dute laukotea. Rock musika sustraietan, gitarra zorrotzeko hamahiru kantu berri merkaturatu dituzte «Paradisu sekretua» (Añorghetto) izenpean. «Zure indarra» kantuaren bideoklipa grabatu beri dute egunotan, eta datorren urteko otsailean ikusiko du argia www.ukbill.net webgunean. Bitartean, herriz herri taula gainean diskoa aurkezten jarraitzen dute. Hurrengo hitzordua abenduaren 26an dute, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean.
Disko txiki batekin estreinatu zenuten taldea 2007an. Nola funtzionatu zuen lan horrek?
Zerotik abiatzea bezala izan zen. Utikan taldearekin hamabost urtez aritu ginen eta musikalki aro ezberdin asko bizi izan genituen: punka, rocka, metala... Musikari ezberdin ugari pasa ziren taldetik eta abeslari aldaketak ere izan genituen. Iraganari uko egiten ez badiogu ere, UK Bill sortzean talde berri bat ginela aldarrikatu nahi genuen, norabide berri batekin. Taldekide batzuk berdinak bagara ere, musikalki garapen argia dago: UK Bill talde rockeroagoa da. Finean, UK Bill talde berria da, berezko nortasuna duena eta ibilbide propioa duena. 2007ko disko txiki horri esker proposamen berria aurkeztu ahal izan genuen eta bide horretan kontzertu nahikotxo eman genituen. Tartean, Alemanian zehar ere bira bat egin genuen.
Musika munduan aspaldidanik ari zarete. Ez da gauza bera izango gazte-gazte musika talde batean aritzea edo orain aritzea, jada 30 urte baino gehiagorekin.
Guztiz ezberdina da. Egun gauzak argiago ditugu eta badakigu nora joan nahi dugun musikalki. Egungo emaitza helduagoa da, eta ez bakarrik gu ere adinean aurrera goazelako, urte hauek guztiek ikasteko balio izan digutelako baizik. Utikan sortu genuenean 13 urte genituen eta ilusioa izugarria. Dena zen berria guretzako eta edozein gauza izugarria iruditzen zitzaigun. Egun, jotzeko eta kantuak egiteko ilusioa bizirik mantentzen dugun arren, gauzak egiteko orduan badugu nolabaiteko aurreplangintza bat: diskoaren grabaketa, kontzertuak emateko datak, entsegu orduak... Beste diziplina bat da. Hala ere, taula gainera igotzen garenean, hasiberrien ilusioarekin aritzen gara. Rocka egitea da atsegin duguna, eta horretarako ez dago adinik.
Disko berria, «Paradisu sekretua», taldearen entsegu lokalean grabatzea erabaki zenuten. Gainera, Iker Lauroba taldekidea izan zen soinu teknikaria, ezta?
Iker aspalditik dabil musika tresnekin jolasean eta grabaketa entsegu lokalean egitea proposatu zuen. Urte hauetan hainbat estudio ezagutu ditugu, eta oraingoan grabaketa lasai egin nahi genuela argi genuen, estudio orduen presiorik gabe. Urte hasieran zuzeneko kontzertuak alde batera utzi genituen eta kantuak sortzeari ekin genion lokalean, sorkuntza prozesuan soilik zentratuz.
Azken grabaketa burutu baino lehen, aurremaketa bat osatu zenuten kantuak borobiltzeko bide horretan.
Kantuak sortu ahala grabatzen joan ginen eta aurremaketa bat burutu genuen kantuen benetako izaera ikusteko. Hartutako lan horri esker, kantuak borobiltzeko aukera izan dugu, aurremaketa entzun eta gero kantuetan hobekuntzak eta ñabardurak egiteko aukera izan baitugu. Hau da, kantuak luzatu edo laburtu, melodiak landu, gitarrak indartu, ahots joko ezberdinak landu... Behin pistak grabatuta, Berako MIK estudioetan azken ukituak eman genizkion grabaketari; Maikel aritu zen soinu teknikari bezala.
«Paradisu Sekretua» diskoari rocka dario bazter guztietatik. Egitura ezberdineko kantuak dauden arren, norabidea argia da: gitarren presentzia oso nabarmena da kantu guztietan.
Bai, rock musika da gure egungo norabidea. Taldearen indarra gitarretan jarri dugu, eta, zentzu horretan, disko honetako kantuak rockeroagoak dira aurrekoak baino. Lehen diskoan gitarrak indartsuak ziren arren, emaitza metalerogoa izan zen. Honakoan gitarrak garbiagoak dira, eta, hortaz, argiago nabari dira bi gitarren arteko jokoak. Gure kezka nagusia gitarren indarra mantentzea zen, eta lortu dugulakoan nago. Gainera, base erritmikoari ere on egin dio langintza horrek; izan ere, bateria eta baxua ere ederki nabaritzen dira eta, ondorioz, azken emaitza bateratua izatea lortu dugu.
Taldeak berak sorturiko Añorghetto Records zigilua arduratu da diskoa kaleratzeaz. Beste diskoetxeren batekin harremanak izan al dituzue diskoaren ediziorako?
Gure lehen diskoa ateratzeko Añorghetto sortu genuen eta bigarren hau ere zigilu honekin atera dugu. Gure diskoa Euskal Herriko zenbait diskoetxetatik mugitu dugu, baino egun zaila dago kontratu bat lortzea. Diskoa ohiko zirkuitu alternatiboan eskura daiteke; hau da, taberna eta musika dendatan. Horrez gain, Gor Banaketa banatzaileari esker ohiko musika denda eta merkatal guneetan ere badago.