GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Telecinco eta Cuatro Mediaseten kontrolpean elkartuko dira

Kate bakoitzak bere markarekin emititzen jarraituko duen arren, Telecincok eta Cuatrok bat egingo dutela iragarri dute. Bien albistegietako zuzendariak Silvio Berlusconik kontrolatzen duen Mediasetek erabakiko ditu. La Sexta eta Antena 3 kateak ere bat-egite bidean daude uneotan.

GARA |

Telecino eta Cuatro Estatu espainolean burutu den telebista kateen lehen bat-egitearen protagonista bihurtu dira. Enpresen funtzionamenduan eragin nabarmena izango duen arren, hasiera batean ez da aldaketa bortitzik izango bi kateen edukietan. Epe luzera, ordea, nabariagoak izango dira. Silvio Berlusconiren Mediaset taldeak eta Prisak elkarrekin iragarri dute akordioa. Horren arabera, Mediasetek orain arte Prisaren esku zegoen Digital+ plataformako akzioen %20 ere eskuratuko ditu.

Jaioko den enpresaren presidentea Alejandro Etxebarria bilbotarra izango da; orain arte Telecincoko presidentzian lanean aritu da. Bi kateen markak bere baitan mantenduko direla erabaki ostean, albistegien kontrola izan zen negoziaketetan pisu gehien hartu zuen kontua. Azkenean, Cuatroko ildo editoriala Mediaseten esku geratuko da. Ikusleengan aldaketa bortitza gerta ez dadin, urtebeteko epea finkatu dute egin beharreko aldaketak gauzatzeko.

Bat-egitea posiblea egin duena uztailean indarrean sartu zen ikus-entzunezko lege berria izan da. Horren arabera, bi katek bat egiteko aukera dute elkarrekin audientziaren %27 gainditzen ez badute. Horrenbestez, egun Telecincok eta Cuatrok elkarrekin audientziaren %22,7 bakarrik dutenez, fusio prozesua abian jartzea posible izan da.

Bestalde, Antena 3 eta La Sexta telebista kateak ere bat-egiteko aukera aztertzen ari dira uneotan. Mediaproko presidente Jaume Moralesek aste honetan bertan ziurtatu duenez, bi kateen arteko negoziazioak oso aurreratuta daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo