GARA > Idatzia > Kultura

Itziar Madinaren «Arritxu» liburua, Gatuzain eta Txalapartak elkarrekin hasitako bidearen lehen fruitua

Txalaparta eta Gatuzainek baterako argitalpen bat egin dute lehen aldiz. Horretarako, Itziar Madinaren «Arritxu eta mago zurien anaialdia» aukeratu dute. Abereen soinuei buruzko liburua ere aurkeztu du Gatuzainek.

p049_f02_147x100.jpg

Idoia ERASO |

Nafarroako Txalaparta eta Lapurdiko Gatuzain argitaletxeak aspaldi ari dira elkarlanean. Bidasoaren bi aldeetan erabiltzen diren erdaren itzulpenak egiteko ohitura dute. Oraingoan, lehen aldiz, liburu bat elkarrekin argitaratu dute. «Biak txikiak gara eta batuta indar handiagoa dugu», azaldu zuen Txalapartako Mikel Sotok. Egitasmo honetarako Itziar Madinaren lan bat aukeratzea ez da kasualitatea izan, aspaldi ari baitira elkarrekin lanean.

Abentura eta fantasia nahasten dituen ipuin atipikoa dugu Itziar Madinaren azken lana. Dalan lamina ederraren eta mago zurien mundu fantastikoan murgiltzen da Arritxu Tellagorri. Liburuaren ideia natura behatzen ari zela sortu zitzaion idazleari: «Oihanaren bizia ez da landareena bakarrik, pertsonaia batzuk ere badira gure irudimenean. Laminak Arritxurengana hurbiltzen dira liburuan».

Gaztetxoengan interesa piztu nahi duen liburu honek garai bateko jakituriaren berri eman nahi die belaunaldi berriei. «Jorge Oteizak Euskal Herriaren ezagutza amatxietatik alabetara pasatzen zela zioen. Mundu hori gaurko gizarte garatuarekin elkartzea da liburuaren xedea», erran zuen Madinak.

Glosarioa ere gehitu diote eleberriari, Euskal Herri osoan zabalduko den liburua zazpi lurraldeetako txoko eta izkina guztietan ulergarria izan dadin. Horrez gain, behe-nafarreraz idatzitako istorioa beste euskalkietan berba egiten duten irakurleek ere arazorik gabe uler dezaten, hainbat hitz eta esaera euskara batura itzuli dituzte.

Abereen oihuak

Gatuzain argitaletxeak txikienentzako beste liburu bat ere aurkeztu du, «Abereen oihuak eta zurrumurruak». Marie-Helene Martensek sortutako argitalpenak animaliek egiten dituzten soinuen izenak erakusten ditu. «Liburu honekin haurrekin beti onomatopeiak erabiltzera behartua izatea saihetsi nahi izan dut. Askotan gurasoek ez dute jakiten nola deitzen zaien animaliek egiten dituzten soinuei», esan zuen Martensek.

Horrenbestez, liburua irekitzean txerriak kurrin-kurrinka egiten duela eta oreinak arramaka edo koroka egiten duela jakin dezakete haur zein helduek. Egileak hitzok frantsesez idatzi zituen eta gero Peio Claveriek itzuli zituen euskarara.

«Denen gainetik zerbait ikusgarria egin nahi izan dut. Kolore deigarriak erabili ditut txikiei horrelakoak gustatzen zaizkielako. Ez dago istoriorik, baina gurasoek asmatuko dituzte; ni ere amatxia naiz eta horrela egiten dut», gaineratu zuen idazleak liburuari buruz hitz egitean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo