Ezkurra eta Waltari dira urteko azken finala jokatzeko faboritoak
Jon LEUNDA I
Buruz Buruko Superprestigioko finalerdiak jokatuko dira gaur Donibane Garazin, Garat trinketean, 16.00etatik aurrera. Partida amaitutakoan, datorren igandean jokatuko den finala bakarrik geratuko da lehiaketa honi eta aurtengo denboraldiari amaiera emateko.
Hasteko, Harizmendi eta Waltari neurtuko dira finalerako lehen txartelaren bila. Iazko bigarrena, Harizmendi, lehen aldiz arituko da aurtengoan, iazko bi finalistak ez baitira finalerdiak bitarte sartu. Lehen partidak beti izaten dira arriskutsuak, nahiz eta Harizmendi oso bolada onean den.
Waltarik ongi irabazi zion final-laurdenetan Kurutxariri, eta horrek, dudarik gabe, indarra emango dio gaur garaipenaren bila joateko. Dena dela, Garat ez da beretzat trinket egokiena, eta seguruenik ere dirua pare samarrean aterako da, nahiz eta agian zertxobait kubatarren alde atera daitekeen. Sakea izango da gaurkoan ere gakoetako bat, horrekin min handia egiten baitu beti pilotari amerikarrak.
Bigarren finalerdian Ezkurra II.a eta Sorhuet lehiatuko dira. Faboritoa egungo txapelduna, Ezkurra, izango da.
Hala ere, finalerdi honetan ere aurrekoan gertatzen den bera pasatzen da: Ezkurrarentzat lehen partida izango da, baina ez Sorhuetentzat. Honek, gainera, final-zortzirenak ere jokatu zituen, eta bi kanporaketa gaindituta heldu da finalaren atarikoa jokatzera, eta horrek indar handia ematen du.
Garat, ordea, Ezkurraren trinket kutunenetakoa da, eta zaila izango da berari aurre egitea, nahiz eta Pausuakoa ere bakarka oso ongi moldatzen den. Ozafrain, lehiaketa irabazteko beste faboritoetako bat, kanpoan utzita dator, eta, horrenbestez, galtzeko gutxirekin arituko da. Poztekoa da baita ere Ezkurra hemen ikustea. Iazko Bakarkakoan min hartu ostean ia urte bat geldirik egon beharko zela esan zen, baina jadanik mailarik onenean ari da.