GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Poincenot I «Whillans» bidea

Colin Haley, bakarkako saioa Patagonian

Patagoniako iazko denboraldian Fitz Roy mendiko «Supercanaleta» bidean egin bezala, hasiberri den denboraldi honetan eskalatzaile estatubatuarrak Poincenot orratzeko «Whillans» bidea bakarka igo du.

p045_f01_199X128.jpg

Andoni ARABAOLAZA I

Patagoniako denboraldiak ateak zabaldu berri ditu, eta, dagoeneko, lehen albistea iritsi zaigu Chaltenetik. Beste behin, berriaren protagonista Colin Haley dugu. Inolako zalantzarik gabe, eskalatzaile estatubatuarra Patagoniako eskaladen zutabe nagusietarikoa dugu. Gaztea da, baina eskarmentu handikoa. Sei urte daramatza Chaltenetik gertu dauden erpin esanguratsuetan eskalatzen. Eta aitortu beharrekoa da: emaitza bikainak erdiesten ari da.

Jakina, Haleyk ez du inolako «aitzakiarik» behar izan orratz horietan jardun ahal izateko. Eta «beroketa» lanetan-edo, bere lehen eskalada sinatu du: Poincenot orratzeko «Whillans» bidea (650 m, 5b, M4).

Horrela esanda, badirudi ez dela azpimarratzeko jarduera bat; besteak beste, bide klasiko bat, zailtasun tekniko handirik gabea eta asko errepikatutakoa delako. Baina aipatu behar da estatubatuarrak marra hori bakarka igo duela. Ez da lehen aldia Patagoniako erpinetan sokakiderik gabe eskalatzen duena. Iaz, adibidez, estilo berean Fitz Roy mendiko «Supercanaleta» marra poltsikoratu zuen.

Horrela bada, arestian esan dugun bezala, badirudi jarduera horrekin Haleyk sasoia hartu nahi duela hurrengo egunetan helburu gogor bati ekiteko.

Yosemiteko estiloan

Chaltenera iritsi eta eskalatzaileak oso giro onarekin egin zuen topo. Sokakideren bat lortu nahi zuen, baina, azken unean, bakarka eskalatzea aukeratu zuen. Patagoniako klasiko bati, ingurumari hartan igotako lehen bideari, ekiteko prest zegoen: «Whillans» (Poincenot orratza).

«Abenduaren 7an irten nintzen Chaltenetik. Tenperatura altua zenez, Laguna de Los Tres izeneko alderdian pasa nuen gaua. Biharamunean, 4.30ean, lehen urratsak eman nituen. Glaziarra oso arriskutsua zegoen, baino ordu eta erdi beranduago goiko igarobidean nengoen. Egiten zuen beroarengatik, bidearen elurrezko lehen aldatsera ia korrika joan nintzen», azaldu du Haleyk.

Jakin bazekien azkar eta arin eskalatu behar zuela, eta, horretarako, Yosemiteko estiloa erabili zuen. Hots, bizkar-zakurik gabe, eta eman beharreko guztia arnesean zintzilikatuta aritu zen. Elurrezko aldatsean (60º) asko sufritu zuen, baldintzak kaskarrak baitziren. Ondoren, mistoko tximinia aurrez aurre zuen. Zatirik zailena da, eta han ere baldintzak ez ziren batere egokiak.

«Tximinia gainditu eta geratzen zitzaidan tartea arazorik gabe eskalatu nuen. 300 metro dira, arrokako artesi eder batzuetatik. 11.30ean gailurrera iritsi nintzen. Ondoren, jaitsiera luze bati ekin nion», azaldu du estatubatuarrak.

Luzea eta neketsua; izan ere, Haleyk soilik soka bat eraman zuen. Rapel guztiak egin ondoren, glaziarrera iritsi, hura zeharkatu eta arrisku guztiak atzean utzi zituen.

«Justu bada ere, arkume erre bat jateko garaiz iritsi nintzen», esan zuen Haleyk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo