Josebe EGIA
Mugarritzarra
BECen egon ginenok ez dugu aise ahaztuko bertan sentitu zen guztia. Ez dakit inoiz ikusi ote ditudan hainbeste euskaldun batera irribarrez, hainbeste arreta eta zirrara goizetik gauera egoera berean gordeta. Aparteko protagonisten magiak eraman gintuelako, besteak beste, herri honetan dagoen indarra, ilusioa eta sentipena erakustera, eta horretaz harro sentitzera.
Harro sentitu ginen halako bertsolariak izateaz. Esan gabe doa nigatik balitz, guztiei jarriko niekeela txapel galanta. Bakoitzari bereagatik, eta denei herriz herri, txokoz txoko eta txapelketa bateko oholtza gainean ere erakusten duten jarrera bikainagatik, hunkigarriak zinez adiskidetasunezko keinuak eta begiradak. Zirraragarria oso, pertsonalki, Maialeni egindako zorion bakoitza, eta txapela buruan zuela agurra botatzean, sorbaldatik helduta atzeko gizon horiek utzitako miresmen eta poz argazkia.
Alai ibili ginen BECen aurrera eta atzera, pozez zoratzen euskara erabat osasuntsu eta distiratsu beste behin arnasteko aukerarekin; harro bertsolariez, bertsoek jasotako aldarrikapenez, jolasez, geure txalo-zaparrada eta olatuez, han erakutsi zen maitasun benetako eta handiaz. Eta harro baino harroago, jakina, gure txapeldunaz.
Gustatzen zait Maialen, beti gustatu izan zait bertsotan izaten duen jarrera, berak aipaturiko matriuskak bezala bere barnean indarra, gozotasuna, egoskorkeria, zalantza, poza, atsekabea, lizunkeria, umiltasuna, herabetasuna, denak daramatzala nabari zaiolako. Eta baliatu egiten dituelako, konplexurik eta tranparik gabe. Gustatzen zait bere R leuna, berezi egiten laguntzen diolako, baina, batik bat, irudikatzen duen emakume gazte mota gustatzen zait. Pozez bete nau bera izatea, hain zuzen, Bertsolari Txapelketa irabazi duen lehen emakumea. Betiko geratuko delako hori, ustez gizonenak baino ez diren munduetan emakumeak ere baduela lekurik, nahi izanez gero, leku nabarmena, gainera. Gizonek egin behar duten lez, prestatuz, norberaren izaera bilatu eta jorratuz. Ez haiena kopiatuz, ez haien ereduak xurgatuz. Baizik eta norberarengan konfiantza izanda, gutxietsi eta kikildu barik, alegia.
Horrek guztiak eta bertsotan bere ikuspegitik, bere eran aritzeko dohainak eraman du Maialen txapela janztera. Berak esana da izan litekeela mugarritxoa, nik esana da mugarritzarra dela. Ziurrenik, Joxe Agirrek ez zuen bere gaztaroan inoiz irudikatuko egunen batean, Barakaldoko eraikin erraldoi batean, lau bertso botako zizkionik txapeldunaren txapelaz jantzitako neska gazte bati. Baina egin du, harro asko egin ere. Eta hemendik aurrera, bertso-eskoletan dabiltzan neskatilek, etorriko diren artistek eta beren esparruan gorenera iritsi nahi duten emakumeek, izango dute nori begiratu sexuaren arabera bereiziriko esparrurik ez dagoela bere burua konbentzitzeko beharrean aurkitzen direnean.
Merezi zuelako irabazi zuen Maialenek, bertsoak kristorenak bota zituelako. Mugarria jarri zuen, bertsolariak emakume ahotsa ere baduelako, propioa eta ozena. Eta lekuko izan ginen askok eta askok betiko gordeko eta erabiliko dugu une horrek emandako harrotasunaren sugarra.