GARA > Idatzia > Euskal Herria

Pedalkadaka, kantuan... emandako besarkada beroa

Minbizia duten haurrek eta haien gurasoek ehunka lagunen besarkada beroa jaso zuten atzokoan Zarautzen. Txirrindula gainean emandako pedalkadez, kantu bidez... iritsi zitzaien Gipuzkoako Aspanovas elkarteko kideei ospakizunean parte hartu zutenen elkartasuna.

p016_f02.jpg

Xole ARAMENDI

Aritzbatalde frontoian «Goenkale» eta «Wazemank» telebistako saioetako aktoreak, txirrindulariak, arraunlariak, patroiak, Zarauzko errugbi taldeko kideak... denak kantari jarri zituzten Pirritx eta Porrotx eta Marimototsek arratsaldean. Guztira, 80 pertsonatik gora. Eserlekuetan, adi-adi, mila lagun.

Aurretik, telebistako eta kirol arloko aurpegi ezagunen arteko ginkanaz gozatu zuten bertan zirenek. Irribarrea aurpegian zutela hartu zuten etxerako bidea, kanpoan zain zuten txokolate beroa edan ondoren.

«Minbiziari irripar batekin erakutsiz hortzak/ alaitzen dira haren eta ingurukoen bihotzak», esan zuen Uxue Alberdik bertsotan. Alboan izan zituen eguerdian egindako saioan Joxe Agirre, Xabier Euzkitze, Mantxi eta Ainhoa Agirreazaldegi.

Horixe zen helburua, eguna festa giroan ospatzea. Lehia baztertu eta giro onean, gozatuz, hasi zen eguna. Euskaltel taldeko partaide ugari, herriko zein inguruko bizikleta elkarteetako kideak, haur eta gurasoak, guztiak pedalkadaka. Guztira 500 pertsona inguru batu ziren. Txikienak, pozarren, ziklista profesionalen alboan.

Markel Irizar eta Haimar eta Joseba Zubeldia anaien ideia izan zen festaren abiapuntua. «Bizikleta martxaren ideiarekin hasi ginen eta pixkanaka handituz joan da egitaraua. Dezenteko lana izan da dena antolatzea, baina merezi izan du», zioen Markel Irizar txirrindulariak.

Bere larruan ezagutu du gaixotasuna oñatiar txirrindulariak eta buru-belarri ari da Aspanovas taldearekin lanean. 22 urte zituela esan zioten sendagileek minbizia zeukala. «Nik pentsatzen nuen nire adinekoei ez zitzaiela minbizia tokatzen. Bizitzan gauzak horrela dira; albokoari gertatuko zaigula uste izaten dugu, ez guri. Nik gaizki pasa nuen. Orain aita naiz eta ezin dut imajinatu haur baten kasuan zer izango den... Gerta dakizukeen gogorrenetakoa», adierazi zuen.

Markel Irizar gaixo zegoenean, lagunaren alboan egon zen Mikel Astarloza taldekidea. «Berak asko ikasi zuen, baina baita guk ere -argitu zuen-. Zorionez, ondo irten zen. Kasu horretan egon daitezkeenei laguntzea egin dezakegun gutxiena da».

Bere esanetan, «era honetako ekitaldiak aurrera ateratzea garrantzitsua da. Antolatzaileen lanaren ondoren behartuta geunden parte hartzera».

Bizikleta saioa amaitzerako, Foruen Enparantza hasia zen berotzen, eguraldi hotzari aurre egiteko ogitartekoak eta basoerdiak lagun. Haurrek tailerretan parte hartzen zuten bitartean, helduek Izeta II.a eta Izeta IV.a harri-jasotzaileen arteko erakustaldiarekin zein Oreka TX, Demode Quartet eta Labriten musika saioarekin gozatu zuten.

Ehun familia inguru

Txomin Arruti da ehun familia inguru biltzen duen Aspanovas-eko lehendakaria. Gustura zegoen izandako arrakasta ikusita. «Batetik, elkartea ezagutarazi nahi dugu. Bestetik, dirua bildu nahi genuen gure proiektuak bideratzeko», azaldu zuen.

Hasieran, gurasoen beharrak betetzen saiatu ziren. «Gaur egun haurra dagoen ospitaleko gelan -hura bakarrik utzi gabe- bazkal dezakete gurasoek eta umeentzat eskola ere badaukagu erietxean bertan». Behin hori lortuta, kanpora begira hasi dira lanean. «Gu ere gizartearen zati gara eta aktiboak izan behar dugu», argitu zuen Arrutik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo