GARA > Idatzia > Mundua

Kolonietako eraikin «ilegalak» eraisteko plana aurkeztu du Israelgo Armadak

Zisjordaniako asentamendu ilegalen barruan baimenik gabe eraikitako etxebizitzak bota egingo dituela iragarri du Israelgo Armadak. Kolonoekin sor daitezkeen arazoak aurreikusita, Armada israeldarrak «ehunka» soldadu eta zenbait hegazkin erabiliko ditu.

GARA |

Zisjordaniako legez kanpoko kolonietan Israelen onespenik gabe eraikitako etxebizitzak eraisteko plana garatu du Israelgo Armadak. Segurtasun zerbitzuetako funtzionario batek atzo azaldu zuenaren arabera, «ehunka» soldaduk parte hartuko dute operazioan, bestelako neurrien artean.

Plan honek aintzat hartzen ditu Zisjordania okupatuan eraikitzea debekatzen zuen hamar hilabetetako luzamendua urratuz altxatzen hasi ziren eraikinak. Luzamendu hura Benjamin Netanyahuren gobernuak jarri zuen indarrean, joan den azaroaren bukaeran, AEBen presioen ondorioz.

Azken asteotan eraisteko aginduak banatzen aritu dira inspektoreak eta horrek zenbait istilu eragin ditu asentamenduetako biztanleen eta segurtasun indarren artean.

Defentsa sailak eskaera bat luzatu zien kolonoei «eraikinen eraikuntza eten eta indarraren erabilera ekidin» dezaten.

France-Presse berri agentziak galdetuta, Israelgo Armadako bozeramaile batek «demokratikoki aukeratutako gobernu baten agindupean» ari direla azaldu zuen. Hala ere, ez zuen zehaztu nahi izan zeintzuk izango diren eraikinen suntsiketarako erabiliko dituzten metodo eta baliabideak.

Istiluak

Komunikabide israeldarrek atzokoan kaleratu zuten moduan, Zisjordania barneratzen duen eskualdeko Armadako buruak eraiste prozesuak asentamendu ilegaletako biztanleen artean istilu larriak eragin ditzakeela aurreikusi du.

Operazioa aurrera eramateko, soldadu kopuru handi bat mobilizatzeaz gain, tripulaziorik gabeko hegazkinak erabiliko ditu Israelgo Armadak misioaren garapena bertatik bertara jarraitu ahal izateko. Era berean, barrikadak eraiki eta telefono lineak manipulatu dituzte eraiste lanen aurka dauden kolonoen arteko komunikazioa oztopatzeko. Horrez gain, Armadak diseinatutako planak zehazten du kazetariak ezin izango dutela operazioa garatzen ari den lekuetara sartu.

Zisjordaniako asentamenduetako Yesha Kontseiluko -kolonoen elkarterik handiena- buru Danny Dayanek Armadaren plana gaitzetsi du. «Gobernuak gizarte zibilari eginiko gerra deklarazioa da», nabarmendu du.

Duela urtebete izandako Gazako erasoaldiaren ondorioz etendako negoziaketei berrekiteko keinu bezala agindu zuen Netanyahuk asentamenduetako eraikuntza lanak geratzea. Palestinarrek neurri hori errefusatu zuten eta asentamenduak behin betiko kentzea eskatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo