Auzitegietara eraman dute Mutualiako hitzarmena langileak diskriminatzen dituelako
GARA |
LAB sindikatuak Mutualiako lan hitzarmenaren aurkako auzi eskea aurkeztu du EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean, diskriminazioagatik. Ohar baten bidez azaldutakoaren arabera, diskriminazioa herrialde ezberdinetako langileen artean ematen da, baita kontratatu berrien eta zaharren artean, edota langile finkoen eta aldi baterako langileen artean.
Antzinatasuna duten Bizkaiko eta Arabako langileei kopuru ezberdinetako «antzinatasun edo iraunkortasun sariak» onartzen zaizkien bitartean, Mutualiak ez ditu kontratatu berriak aintzat hartzen, eta, gainera, behin-behineko langileak baztertu egiten ditu, LABeko ordezkariek salatu dutenez.
Era berean, medikuntza arloko prestazioak eskaintzeko baldintzak ere azaldu dituzte. Diotenez, antzinatasuna duten Bizkaiko langileei baldintza onuragarrietan eskaintzen zaie, baina askoz baldintza kaskarragoetan Gipuzkoako eta Arabako langile zaharrei eta kontratatu berriei. Kasu honetan ere, aldi baterako langileak baztertuta daude.
Antzeko errealitatea ematen da aurreikuspen plan pertsonalei dagokionez. Salatu dutenez, antzinatasuna duten Gipuzkoako langileen zati baten kasuan, enpresak soldataren %2,5 jartzen du, soldataren %1 langile berrien kasuan, eta ezer ere ez behin-behinekoei dagokienez.
Bestalde, abonu bereziaren adibidea ere azaldu dute LABeko ordezkariek, antzinatasuna duten Bizkaiko langileei baino ez baitzaie onartzen. Era berean, antzinatasuna duten Bizkaiko langileek oporretako aste gehigarri bat hartzeko aukera duten artean, gainerakoei ez zaie eskubide hori onartzen.
Haurren ikasketak
Diskriminazioarekin batera, zenbait lorpenetan emandako murrizketak salatu ditu LABek, besteak beste, haurrak ikasteko adinean dituzten langileei onartutako laguntzetan emandakoak. Azaldu duenez, Gipuzkoako langileek prestazio horren %40ko murrizketa izango dute. Era berean, «prestazio bereko %75eko hobekuntza desagertu da» ikasketak etxetik kanpo egiten dituzten seme-alabak dituztenen kasuetan, «baita %5eko prestazio gehigarria familia ugarietan».
Sindikatu abertzaleak gogoratu duenez, egungo egoera ELA, CCOO, ESK eta CGTk sinatutako hitzarmenaren ondorioa da, «enpresak proposatzen zuen guztiari men egin baitzioten».