Camille negua igarotzeko indarrak hartzen ikusi dute
Ez da maiz gertatzen eta horregatik hartz arre ezagunaren kalitatezko argazkiak lortzea notizia da. Pasa den azaroaren 14an eta abenduaren 4an ikusi zuten Aragoiko Anso bailaran Camille. Lehen aldi hartan hilda topatutako basurde bat jaten ari zen. Izan ere, hotzak iritsi eta hibernatu aurretik indarrak batu behar izaten ditu. Bere osasun egoera ona dela diote, baina bere ipurtaldea kaltetzen duen dermatitisa bistakoa da.
GARA |
Pasa den otsailean, neguari aurre egin ostean, izan ziren Camille hartzaren lehen arrastoak. Nafarroako Gobernuko Ingurugiro zaindariak aurkitu zituzten. Oraingo honetan, Aragoiko Gobernuko langileak izan dira Pirinioetako hartz ezagunaren argazkiak lortu dituztenak. Eta birritan, gainera.
Pasa den azaroaren 14koak dira aspaldiko argazkirik argigarrienak. Bertan, Camille hartza hilda topatutako basurde bat jaten ari da. Ondoren, pasa den abenduaren 4an, Aragoiko Gobernuko langileek hartzaren argazkiak lortu zituzten berriz. Kasu honetan, inguruan jarriak dituzten kamera finkoei esker.
Orain hamaika urte izan ziren hartz honen lehen arrastoak. Aurretik ere bere zantzuak baziren arren, 1998ko apirilaren 29an, plantigrado honek ganaduari eraso zion Uztarrozen. Ordutik, noizean behineko agerraldiak egiten ditu hartzak.
«Zahartuta eta triste»
Orain lortu berri diren argazkietan Erronkariko bailararekin muga egiten duen Ansoko bailarako mendietan agertzen da hartza. Bertan sarrioak zenbatzen ari zen zaindari batek topatu zuen eta berehala jakinarazi zion hartzen ardura duen bere lankideari, Jesus Laini. Bi orduz ikusi ahal izan zuten hartza biek. «Zahartuta dago, triste samar eta ez gizenegia urte sasoi honetarako», nabarmendu zuen Lainek. Argazkiak ateratzeko unean hilda topatutako basurde bat jaten ageri da Camille. Modu honetan hartzen ditu indarrak urtero hutsik egin gabe egiten duen hibernazioaren aurretik.
Udazken sasoian hartzak gantzak pilatzen ditu, batez ere, aritzen ezkurrak janez. Jakina da hainbat leku erabili izan dituela Camille neguak igarotzeko, baina normalean gune malkartsu eta arrokatsuak erabili ohi ditu, oihanpe trinkoetatik gertu eta iparraldera ematen dutenak. Horietan zenbat denbora ematen duen ezin da jakin, hori neguaren gogortasuna eta hotzak hasi aurretik pilatu dituen indarren araberakoa baita.
Hogeita bost urte inguru dituen hartzaren argazkiak lortzea garrantzitsua da, hala bere osasun egoeraren berri izateko aukera baitago.
Osasun egoera
Denbora da hartzak azaleko gaitza zuela jakin zenetik. Irudiotan nabarmen antzematen da oraindik ere bere azala kaltetzen duen dermatitisa; izan ere, ipurtaldean apenas duen ilerik.
Hasiera batean uste zenez, hartzaren dermatitisa parasito batek eragindako hazteriaren ondorio zen. Hartutako argazkiak ikusi ondoren, ordea, Aragoiko Gobernuko Biodibertsitate buruak Aragoiko «Heraldo de Aragon» egunkariari azaldu dionez, baliteke gaixotasuna hormona arazo batek eragindakoa izatea. «Estresak eragindakoa izan daiteke, bere araldiak asetzeko aukerarik ez duelako. Honek, gizonekin gertatzen den moduan, alopezia sor dezake», azaldu du. Izan ere, Pirinioetako mendebaldean lau hartz besterik ez dira gelditzen eta lauak arrak dira: Camille, Nere, Aspe eta Cannelito. Pirinioetako azken emea, Cannelle, 2004ko azaroaren hil zuen tiroz ehiztari frantses batek.