Aizkora I Euskal Herriko finala
Nazabalek nahi bezala lortu du bere bosgarren txapela
Etxarrikoa bigarren enborrean jarri zen lehen postuan, eta hortik amaierara bitarte inork ez zion aurre egin. Amaieran aise bereganatu zuen finala.
Jon LEUNDA I
Ez zen ezustekorik izan, eta Floren Nazabalek aise lortu zuen Euskal Herriko txapela atzo Arbizun jokatu zen finalean. Bigarrenari, Juanjo Lopezi, 2 minutu eta 55 segundoko aldea kendu zion Etxarriko txapeldunak.
Sarrera bikaina izan zuen Arbizuko kiroldegiak finala ikusteko. Bete ez zen egin, baina zaila zen hori atzo, zegoen eguraldiak ez baitzuen laguntzen autoa hartzera. Sei finalista neurtu ziren, eta bakoitzak lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko moztu behar izan zituen. Enborrak oso onak atera ziren.
Iragarri zitekeen moduan, aizkolariek oso erritmo bizian ekin zioten lanari, eta lehenengoa botatzen azkarrena Azurmendi izan zen. Horixe izan zen Nazabal lehen postuan izan ez zen enbor bakarra, izan ere, bigarrengoan aitzinean jarri zen, eta amaierara bitarte horrelaxe izan zen.
Etxarrikoak berehala hartu zuen abantaila, eta txapela norentzat zen azkar ikusi zen. Bigarren posturako, ordea, lehia handia izan zen. Azurmendi, Mujika eta Lopez ari ziren borroka horretan, izan ere, Otaegi atzera geratu zen, eta bosgarren postuan tinko ikusten zen, Senosiain geroz eta atzerago geratzen ari baitzen.
Beraz, emozioa bigarren posturako zegoen, eta horrek amaierara bitarte jarraitu zuen. Ezustea Ibarrakoarena izan zen, izan ere, denek bigarren postua Lopezen eta Azurmendiren artean egongo zela jotzen zuten, baina Mujikak lan bikaina egin zuen, eta une askotan bigarren ere izan zen.
Azkenerako, ordea, Lopezek ihes egin zien eta amaierara bitartean bi gipuzkoarrak, Azurmendi eta Mujika, aritu ziren podiumean sartzeko borroka horretan. Azkenean, Arriarangoaren eskarmentua gailendu zen, 11 segundoko aldea kendu baitzion Mujikari, hirugarren postua eskuratuz.
Nazabalek Euskal Herriko bosgarren txapela lortu zuen atzo, eta gauzak dauden bezala, nafarra oraindik txapel gehiago janzteko moduan izan daitekeela argi geratu zen.
Txapelketen ostean desafioak etortzen dira askotan, eta ez da arraroa izango atzoko finalaren ostean norbaitek desafioren bat edo beste botatzen baldin badu. Hala ere, botata dagoena Joxemari Mendizabalena da. Adunako aizkolari beteranoak bigarren aldiz egin du apusturako deia, lehenengoan ez baitzitzaion inor agertu.
Oraingoan, lau kanakotara jokatu nahi du, baina laurak zutik jarrita, eta enbor bakoitzeko minutu bateko abantaila eskatzen du. Inork berarekin hitz egin nahi baldin badu, gaur, 19.00etatik aurrera, Tolosako Kantabriko tabernan egongo da apustua egiteko prest.
Mendizabalek jadanik 62 urte ditu, eta aizkora utzita denbora batez izan bazen ere, azkenaldian lanean jo eta su ari da bere garaian punta-puntakoa izan zen kirolaria. Atzo esaten zutenez, bakarren bat edo beste ba omen dago desafio hau egin nahian edo egiteko gogoz, eta ikusiko da horrela den, edo berriro ere gipuzkoarra aurkaririk gabe geratzen den. J.L.
Floren Nazabalek bere bosgarren txapela jantzi zuen, eta horrek poz handia eman zion, nahiz eta ez zuen izan aparteko arazorik garaipena lortzeko. «Eskuak nahiko hotz nituen hasieran eta trakets samar hasi naiz, baina berotzen joan naizen bezala gustura aritu naiz, eta lan erdietarako ikusi dut alde handi samarra nuela, eta irabazteko moduan nintzela», esan zuen.
Oraindik txapel gehiago lortzeko moduan ikusten du bere burua. «Kanpotik begiratuta hiru minutuko tarteak ez du handia ematen, baina aizkoran hiru minututan dezente mozten da, eta uste dut txapel gehiago lor ditzakedala», esan zuen txapeldunak.
Juanjo Lopez ere oso gustura zegoen bere bigarren postuarekin. «Irabaztea oso zaila da. Nazabal menderatzeko urte guztia aizkorarako bakarrik egon behar duzu, eta, hala ere, zaila izango da. Ni bigarren edo hirugarren postuaren bila etorri naiz, eta apur bat sufritu badut ere, bigarren amaitu dut, eta oso gustura nago. Erasori eta Otxandonerari, nire laguntzaileei, eskertu nahi diet hau dena lortzen laguntzeagatik», esan zuen.
Azurmendi izan zen hirugarrena, baina ez zegoen oso gustura. «Egia esan ez naiz gustura aritu. Gerrian arazo batzuk ditut, eta ez didate nirea egiten utzi. Nazabal beste guztiak baino koska bat gorago dago», onartu zuen.
Gustura zegoen bestea Mujika zen, bere lehen finalean lan bikaina egin baitzuen. «Seigarren aterata ere konforme geratuko nintzen, hemen izatea sari handia delako, baina bigarren postuaren borrokan ibili naiz, eta laugarren amaitu dut. Hau bikaina da. Orain lanean hamar ordu pasa eta gero entrenatzen hasteko beste animo batzuk izango ditut», esan zuen.
Otaegik ere lehen finala zuen, eta ez zegoen haserre. «Hau luzea egiten da. Oinbikoetan-eta ez naiz gustura aritu, baina bosgarren postuarekin oso konforme nago», aitortu zuen zizurkildarrak. J.L.