GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Elur eta hotz denboralea

Tenperatura baxuak bai, baina ez iragarpenek aurreikusi adina

Zero azpitik jaitsi ziren atzo termometroak, Agurainen, esaterako, bederatzi gradu ere bai. Hala ere, oro har, ez ziren egindako iragarpenak bete eta minimo historikoak urrun gelditu ziren. Larunbat gauean iritsitako depresioak zerua estali zuen eta goizaldean behera beharrean gora egin zuten termometroek. Hotza uxatu zuten hodeiek, ordea, elurra ekarri zuten eta zurituta esnatu ziren makina bat txoko, Donostiako hondartzak esaterako.

p004_f02_111x111.jpg

GARA |

Azken egunetan bezalaxe, hotz egin zuen atzo goizaldean, baina termometroak ez ziren jaitsi iragarri adina. «Iragarpen estatistikoek iragarri ez zuten hodei-masa sartu eta tenperaturek gora egin zuten gauean», horrela azaldu zuen Igeldoko Meteorologia Behatokiko zuzendari Margarita Martinek gertatutakoa.

Iragarpenek Bilbon zero azpitik 7 gradu izango zirela zioten, baina termometroak -1era bakarrik jaitsi ziren. Martinek, halaber, honakoa gogorarazi zuen: «Iragarpenek Arabako Lautadan zero azpitik hamalau graduko tenperatura izango zela zioten, eta AEMETeko - Estatuko Meteorologia Zentroa- neurgailuen arabera, tenperatura baxuenetakoa Gasteizkoa izan da; larunbat gauekoa, gainera. Zero azpitik 8,6 gradu izan ziren».

Gauean tenperatua igo

Oskarbi zegoen zerua, ordea, estali egin zen eta, hori dela eta, tenperaturek ez zuten hasiera batean espero zen adina behera egin. «Alderantziz, gora egin zuten; Gasteizen esaterako goizeko zazpietan zero azpitik 5,5 gradu zeuden. Beraz, hiru gradu igo zen tenperatura gauerditik». Gauza bera gertatu zen gainerako herrialdeetan, «izan ere, hodei-masa nahiko handia zen». Gaurko espero zen depresioaren aurrerapena izan zen lainoak ekarri zituena.

Eguraldi kontuetan aditu eta zaletu direnak kexu ziren atzo foroetan. «Lainoek izorratu gaituzte» edota «iragarpen automatikoak gainbegiratu beharko dituzte» esanaz ari ziren.

Batean eta bestean izandako tenperaturei erreparatuta, nabarmentzekoak Euskalmet agentziaren arabera, atzo goizean Aguraingo termometroek seinalatzen zituzten -8,6 graduak, Espejoko -9,6ak edo Nafarroako Zubiriko -9,5ak.

Minimo historikoak urruti geratu ziren beraz. Hilabete honi dagozkion tenperatura baxuenak 1962. urtekoak dira Bilbo, Donostia eta Gasteizen kasuan. Urte hartan abenduaren 24an Donostian zero azpitik 8,4 gradu izan ziren; Bilbon, biharamunean, -7,4 gradu izan zituzten. Gasteizen, berriz, urte hartan zero azpitik 21 gradura iritsi zen termometroa. Iruñeari dagokionean, berriz, 2001ean izan zuten erregistroak daudenetik izandako abenduko tenperaturarik baxuena. Abenduaren 25ean zero azpitik 11,6 gradu izan zituzten.

Hodeiek tenperaturaren jaistea saihetsi bazuten, elurra ekarri zuten Euskal Herriko hainbat txokotara, Donostiara edota Oiartzunera kasu. Gipuzkoako hiriburuan hondartzak ere zurituta esnatu ziren goizean, irudi ederra utziaz.

Elurra, halaber, gustagarri izan zen bateko eta besteko zelaietara bertaratu ziren guztientzat, primerako jolastokiak topatu baitzituzten.

Hildako bat Zubietan

Eguraldiak baina izan zuen errepideetan eragina; izan ere, Zubietako bizilagun batek bizitza galdu zuen goizaldean gidatzen zuen autoarekin istripua izanda. 71 urteko gizona, J.M.U.E., Zubieta eta Labaien lotzen dituen bidexka batetik zihoan autoa errepidetik irten eta 60 metroko sakan batetik erori zenean. Goizaldeko ordu batak inguruan jaso zuten istripuaren berri larrialdi zerbitzuek. Bertaratutako suhiltzaileek lortu zuten gizona erreskatatzea, baina, hala ere, larrialdi zerbitzuek ezin izan zuten ezer egin gizonaren bizia salbatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo