Oihana Lopez eta Mertxe Gil Abortatzeko eskubidearen aldeko Nafarroako Batzarra
Zergatik ez dugun gustuko abortuaren lege berria
2008. urtean 765 emakumek abortatu zuten Nafarroan, alegia 2007. urtean baino 65 gehiagok ; haurdunaldien borondatezko etete guztiak (HBE) Nafarroatik at burutu ziren Gobernutik abiatzen saiatu diren prozesu plural eta irekitik urrun, itxurakeria hutsean ibili dira; emakume orok gure gorputza kontrolatzeko dugun eskubidearen aldeko jarrera ausarta eta argia izatea ekidinez
Sexu eta ugalketa osasunari zein haurdunaldiaren borondatezko eteteari buruzko Lege Organikoa sinatu duten arte, hilabeteetan komunikabideetan emandako showaren ikusle izan gara, eskuinaren eskuinaldetik eta alderdi kontserbatzaileenaren eskutik hedatutako kanpaina traketsen lekuko, eta oinarri teorikorik gabeko eztabaida aunitzen entzule.
Osasun eta Kontsumo Ministerioak 2008. urtean argitaratutako datuak esanguratsuak dira, eta ez oso baikorrak: 765 emakumek abortatu zuten Nafarroan, 2007. urtean baino 65 gehiagok alegia; haurdunaldien borondatezko etete guztiak (HBE) Nafarroatik at burutu ziren. Kasu bakarrean izan ezik, zeina osasun zerbitzu publikoan egin zen, gainerakoak zentro pribatuetan burutu ziren; 765 HBEetatik 267 dagozkie 25 urte baino gutxiago duten emakumeei (%34,90).
Zergatik ez dugu gustuko lege berri hau?
1.- Emakume haurdunak eskatuta, haurdunaldia eten ahalko da aurreneko hamalau asteetan. Emakume askok epe labur batean azalpenik eman gabe abortatu ahal izatea aurrerapen bat da, baina aukeratu duten epea laburra da, abortua aske eta dohain aldarrikatu dugun emakumeontzat euskarri gutxien duen epea da. Gogoraraziko dugu Europako legedi aurreratuenetan 24 aste inguruko tarteak direla haurdunaldia borondatez eteteko epeak.
2.-Emakumea bere eskubideez, zerbitzuez eta laguntza publikoei buruz informatzea derrigorrezko baldintza da, eta hiru egun pasa izana informazioa ematen den egunetik interbentzioa burutzen den arte. Puntu honen kutsu paternalistak galdera batera garamatza: benetan uste dute emakumeok ez dakigula gure erabaki propioak hartzen eta gure hausnarketa tarteak zehazten?
3.- Salbuespen gisa, etetea burutu ahalko da osasun arrazoiak direla medio, gestazioaren 22 aste beteak ez diren bitartean eta txosten mediku batean agertzen bada edota jakintzagai anitzeko batzorde kliniko batek baieztatu ondoren. Hori atzerapauso nabaria da. 22. astetik aurrera, libreki erabakitzearen eskubidea ezesten da eta horretaz gain, emakumea batzorde kliniko baten erabakiari men egitera derrigortzen du. Gogoraraziko dugu, bide batez, 1985. urteko Legean emakumearen bizitza edo osasuna arriskuan zegoen kasuetan, haurdunaldiaren eteteak ez zuela eperik. Ezin dugu ahaztu 2008. urtean, Nafarroan, 21 emakumek eten zutela haurdunaldia 21. astetik aurrera (%2,74).
4.- 16 eta 17 urte bitarteko emakumeak derrigortuta egongo dira beren abortatzeko erabakiaz gurasoak informatzera. Beste behin ere paternalismo autoritarioa gailentzen da eta gazteak arriskuan jartzen ditu. Logikoa da pentsatzea emakume gaztea bere familiaren erreakzioaren beldur denean, informazio hau eman gabe abortatzen saiatuko dela, bide klandestinoak edo atzerrian egindakoak ugarituz.
Bestalde, legeak ez du abortua kode penaletik ateratzen eta, ondorioz, kasu batzuetan oraindik delitu izaten jarraitzen du. Testuan erlazio zehaztugabe eta urria agertzen da, osasun sare publikoan edo jatorrizko komunitateetan eskubide honen erabileraren bermeaz hitz egitean. Horretaz gain, ez du bermatzen antisorgailuak eskuratzea. Zer gertatzen da Nafarroako herri txiki bateko botikaria kontzientzia eragozlea bada eta larrialdiko pilula ukatzen badio emakumeari? Edota Nafarroako Unibertsitateak lotsarik gabe eta legeekiko gutxiespen osoz, osasuneko ikasleriari HBEak burutzeko teknikak ez erakustea erabakitzen badu?
Ugaltze eta sexu eskubideak bermatzeko legean barneratu diren neurriak eta politikak ere urriak dira. Emakumeok ongi dakigun modura, Emakumearen Arretarako Zentroetan zerbitzuak gutxitu dira hainbat programaren kaltetan (gazteentzako programa, adibidez). Bestetik ere, arreta mediko eta zehatza bultzatu da, sexu hezkuntza programak zein prebentiboak alboratuz.
Nafarroako Abortuaren Eskubidearen Aldeko Batzarretik baieztatzen dugu, Gobernutik abiatzen saiatu diren prozesu plural eta irekitik urrun, itxurakeria hutsean ibili direla; emakume orok gure gorputza kontrolatzeko dugun eskubidearen aldeko jarrera ausarta eta argia izatea ekidinez. Gure ustez, jendartean sortu beharko den eztabaida honako hau da: «Nola bermatu emakume guztiok gure sexualitate eta ugaltze gaitasunaren gainean erabakitzeko dugun eskubidea, tutoretza paternalista eta autoritarismo errepresiboetatik urrun».