GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«Egun batean susto bat hartuko nuela esan zidaten guardia zibilek»

p006_f01.jpg

Saioa Agirre

Guardia Zibilak baso batean erretenitutako senidea

Iurdan Martitegi presoaren neskalaguna da, eta hilaren 1ean Guardia Zibilak harrapatu, eta baso batean ordu eta erdiz itaunketa egin zion. Berari buruz dena zekitela konturatu zen Agirre. Izututa atera zela handik, hankak dardarka, onartzen du, baina ez du isilpean gorde nahi, halako kasu gehiago gerta ez daitezen eta bere burua defendatzeko ere salatzea baita onena.

Oihana LLORENTE | DONOSTIA

Nola gertatu zen aurreko as- tean salatu zen istilua? Noiz eta nola aurkitu zenuen Guardia Zibilaren kontrola?

Bueno, ezertan sartu baino lehen, zertxobait argitzea gustatuko litzaidake. Izan ere, aurrekoan prentsan zerbait azaldu zen, baina ez zen horrela izan zehazki. Ni ez ninduten kontrol batean gelditu; gidatzen nindoala, guardia zibil bat errepidera atera zitzaidan eta gelditzeko esan zidan. Uste dut garrantzitsua dela hori argitzea, ondorioak berdinak izan arren, moduak ezberdinak baitira. Nahi dutena egiteko inpunitatea daukate.

Prentsan azaldu zenuten bezala, Aulestiko jendearen arabera, goiz horretan herria guardia zibilez josita omen zegoen, eta badirudi, ni gelditu nindutenean, herrian eta herriko irteera ezberdinetan zeuden guardia zibil guztiak ni nengoen tokira hurbildu zirela.

Abenduaren 1ean gertatu zen hau guztia, asteartean. Laneko bilera bat neukan Aulesti herrian. Goizean, 11.30 aldera, errepidetik gidatzen nindoala, guardia zibil bat errepide erdira atera eta gelditzeko eskatu zidan. Han ez zegoen kontrolik, patrol bat zegoen errepide ondoko pista batean sartuta, besterik ez.

Gelditzeko agindu ondoren, zer gertatu zen?

Ia nora nindoan galdetu zidan eta Aulestira nindoala esan nionean, nortasun agiria eskatu zidan. Nortasun agiria eman nionean, walkie-talkietatik «afir- mativo» esaten entzun nion, eta jarraian autoa errepide albora, bide bazterrera eramateko eskatu zidan. Bide bazterraren ondoan, basora sartzen zen pista bat zegoen, eta autoa pista horretara sartzeko esan zidaten. Pistaren hasieran autoa gelditu nuen, baina beraiek gehiago sartzeko esaten zidaten behin eta berriz. Autoa pistan sartu, gelditu, paperak eskatu, eta berokia eta soinean neraman guztia autoan uzteko agindu zidaten. Momentu hartan hiru guardia zibil zeuden. Ibilgailutik atera nintzenean, beraietako bat urrundu egin zen, eta walkietik hitz egiten ari zela ikusi nuen. Beste bat, arma eskuan zuela, nire aurrean jarri zen; eta hirugarrena, nire autoa miatzen hasi zen.

Ni autora hurbildu nintzen, arakatzen zuen bitartean aurrean egon nahi nuela esan nion. Jarraian, walkietik hitz egiten ari zena hurbildu zitzaidan, besotik heldu eta modu bortitzean, basorantz abiatzeko agindu zidan. Pauso batzuk eman nituen eta gelditu egin nintzen, baina arma zeraman guardia zibilak eta walkia zeramanak aurrerantz joateko agindu zidaten, eta basoan sartu ninduten. Autoa arakatzen zebilen guardia zibila, nigana etorri eta galderak egiten hasi zitzaidan. Hortik gutxira, beste bost patrol inguru etorri ziren; agian gehiago izango ziren, ez nituen zenbatu. Konturatu orduko, guardia zibilez eta patrolez inguratua eta basoan ikusi nuen neure burua, babesik gabe.

Toki hartara bertaratu zen beste guardia zibil bat hurbildu zitzaidan eta modu bortitzean galderak egiten hasi zitzaidan.

Itaunketa horietan, guardia zibilek nolako jarrera izan zuten zurekin?

Bertan zeuden guardia zibil bakoitzak paper bat zeukan. Galderak egiten zizkidatenak bereziki bi guardia zibil ziren. Be- raien artean txandakatu egiten ziren eta galdera berdinak egiten zizkidaten. Guardia zibil batek, tonu lasaia zeukan, baina besteak, tonu bortitzarekin egiten zizkidan galdera berdinak. Jarrera bortitza zeukanak, bere aurpegia nirearen kontra jartzen zidan, gustuko ez zuen erantzun bat ematen banuen, oihukatu egiten zidan... Beldurra sentitu nuen. Gainontzekoek ere beraien papera zeukaten; adarra jotzen zidana, ni kokiltzea helburu zuena eta goitik behera begiratzen ninduen guardia zibila, nazka eta gorroto aurpegiarekin begiratzen ninduena... Ez dakit zenbat guardia zibil egongo ziren, galderak erantzutean izan ezik, ia denbora guztia lurrera begira pasa bainuen.

Nire autoa nahiko urrun zegoen eta ez nuen ongi ikusten. Baina begiratzen nuen bakoitzean, ordu eta erdi osoan zehar, hainbat guardia zibil nire autoaren inguruan zebiltzala ikusten nuen. Buruak besterik ez nituen ikusten, ibilgailuaren inguruan.

Ordu eta erdi inguru pasatu omen zenuen baso horretan. Nola sentitu zinen?

Gogorra izan zen. Hasieran, nahiko lasai nengoen, baina denbora aurrera joan ahala, eta beraien jarrera ikusita, urduritzen hasi nintzen eta konturatu orduko dardarka nengoen. Momentu hartan, ni lanean nen- goela eta lantegira deitu nahi nuela esaten nien. Beraiek, lasai egoteko esaten zidaten, minutu gutxiko kontua izango zela esanez. Laneko telefonoa emango niela eta beraiek deitzea ere proposatu nien, baina ezer ez.

Galdera politiko eta pertsonalak egiten zizkidaten. Egiten zizkidaten galdera guztien, edo ia guztien, erantzunak bazekizkitela konturatu nintzen. «A prueba» jartzen ari zirela uste dut. Nire familiari buruzko galderak egin zizkidaten, beraien lana, autoa, bizilekua, ohiturak...dena! Iurdanei buruz ere galdera pila bat egin zizkidaten. Ia non zegoen, zenbat sumario zituen, noiz eta nola ezagutu genuen elkar, noiztik geunden elkarrekin, bere militantziaz zer nekien... Galderak erantzun ahala, beraien komentariotxoak ere egiten zituzten. Umilazioa bilatzen zuten komentario iraingarri horiekin.

Bisitak egiten ote nituen eta espetxean lagunik ba ote neukan galdetu zidaten. Espetxean bahiturik dauden nire lagunen izen eta abizenak eman behar izan nizkien. Momentu batean ere, oso gaizki pasa nuen Gorka Lupiañez euskal preso politikoa nire lagun mina zela esan nienean. Gorka atxilotu zutenean, tortura basatiak jasan zituen guardia zibilaren eskutik eta beraiek, Gorka ongi ezagutzen zutela esan zidatenean, barre egin zuten. Indefentsioa, inpotentzia eta amorrua sentitu nuen. Euskal herritarrak bahitzen dituzte, torturatzen dituzte... gainera barre egiten dute, eta gainera hori egiteko inpunitatea daukate. Horrelako gertakariak ikusita, non daude euskal herritarron eskubideak bermatzen dituzten arduradun horiek? Zer egiten dute hau guztia bukatzeko?

Nitaz ere askotxo zekitela erakusten zuten galderak egin zizkidaten. Talderen bateko kide ote nintzen galdetu zidaten, zer nolako manifestazioetan parte hartzen nuen, euskal gazteriaren aurkako operazioko atxiloturen bat ezagutzen ote nuen...

Jarrera bortitzena zeukan guardia zibila aste batzuk lehenago Iurdanen beste senide bat Durangon ordu eta erdi kontrol batean eduki zuen berbera izan zen. Senide honi ere galdeketa egin zion eta jaso zituen erantzunen inguruan mintzatu zitzaidan.

Galiziara egin nuen azken bidaiaren gainekoak ere galdetu zizkidaten; Galiziako espetxean dagoen lagun bat ikustera joan nintzen. Ia norekin joan nintzen galdetu zidatenean, ezagutzen ez nituen senide batzuekin joan nintzela esan nien. Momentu horretan, kontuz ibili behar nuela esan zidaten, egunen ba- tean ezezagun batzuen autoan sartuko nintzela eta susto bat hartuko nuela esanez.

Ordu eta erdi inguru pasa ze- nean, joaten utzi zidaten. Nirekin etorri ziren autoraino, eta behin bertan sartu nintzenean, guardia zibil bat arrapaladan azaldu zen, eta lau aldiz erantzun nuen galdera berbera egin zidan. Erantzuna eman, beraiek erantzuna berriz apuntatu eta alde egin nuen hankak oraindik dardarka nituela.

Zergatik erabaki duzu hau salatzea eta aurpegia ematea?

Salaketa, aurretik aipatu dudan inpunitate hori bukatzeko modu bat dela uste dudalako. Gure herria, Euskal Herria, herri borrokalaria da, solidarioa, bere eskubideak aldarrikatu eta injustiziak salatzen dituen herria. Eta horrelako gertaerak bukatzeko modu bat salaketa egitea dela pentsatzen dut nik.

Badakit elkarrizketa hau Guardia Zibilak irakurri egingo duela eta badakit agian ez zaiela gustatuko. Baina aurpegia ematea, salaketa egiteaz aparte, babesteko modu bat ere izan daiteke. Norberaren kasua anoni- motasunetik ateratzeak aurrekari bat uzten du, etorkizunean inpunitate aukerei ate bat itxiz. Badirudi hainbeste gehiegikeriaren aurrean, dela Alain Berastegiren bahiketa eta tortura, dela Jon Anzaren desagertze eta erailketaren ondoan, norberaren kasua txikikeria edo normaltasun baten barruan kokatzeko joera dugula; eta horri buelta eman behar zaio. «Inpunitate esparru» horiek erantzun bat behar dutela deritzot.

Nire kasuan, senide eta ezker abertzaleko kide izateagatik, jazarria izan naiz. Senideok jazarriak gaude. Iurdan orain espetxean dago, baina sasian egon den denboran, gorputz polizial ezberdinen jazarpen itogarria bizi izan dut. Badakit ez dela lehen kasua, eta itxura guztien arabera, azkena izateko borrokatzen jarraitu beharko dugu. Oso gogorra da ohartzea maite duzun pertsona hori espetxean edo hilkutxan ez bada ez duzula gehiago ikusiko. Gaur arte inoiz ez dut horren salaketarik egin, isilpeko sufrimendu hori salatzea zaila egin zaidalako eta alferrikako salaketa izango zela ere pentsatzen nuelako. Baina ez da alferrikakoa, beharrezkoa dela uste dut. Euskal preso politiko baten senidea izateagatik ere, senideok jazarriak gara. Gure senide presoen eskubideak eta geureak etengabe urratzen dizkigute.

Zurea bezalako kasuek ez dute oihartzunik izaten. Zer egoera sortzen du honek eta zer egin daiteke?

Estatuen indarkeria, oro har, ez da ikusten, ez da inon azaltzen. Ezin dugu gatazkarekin eroso bizi diren arduradun horien esperoan egon. Horrelako gertakariak ez errepikatzeko, borroka- tzea baino ez zaigu geratzen. Gure esku dago, inork ez du gugatik ezer egingo. Gizartea informatu beharra daukagu, testigantza eman, indarrak bildu, arduradun horiek herri presioaren bidez arduraz jokatzera behartu behar ditugu.

Ni ez naiz politikaria, baina argi dago hau guztia gatazka politikoaren isla besterik ez dela, eta hori da, hain zuzen ere, konpondu behar dena. Gatazkaren konponbidea, hil ala biziko kontua da, lehentasunezko kontua. Euskal Herriak espainiar eta frantziar estatuekin duen gatazkaren iturria herri honen erabakitzeko eskubidearen ukaziotik dator. Gatazka amaitzeko, prozesu demokratiko baten beharra dagoela uste dut, proiektu politiko guztiak aintzat hartuko dituen prozesu demokratikoa, hain zuzen ere.

Euskal herritarroi dagokigu gertaera hauei bukaera ematea, Euskal herritarroi dagokigu geure eskubideak aldarrikatzea, gure konpromiso eta borrokaren bitartez lortuko dugu herri honen erabakitzeko eskubidea bermatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo