Atzeraldian diren Europar Batasuneko kideen ekonomiak, «egiturazko erreformen» premian
Europako Batzordeak euroguneari buruz egin duen urteko azken txostenaren arabera, atzeraldi ekonomikoak jota dirauten Batasuneko kideetan -tartean Estatu espainola- gero eta herritar gehiagok sumatzen dute egiturazko erreformak egiteko premia. Hartara, ondasun eta lan merkatua eta finantza publikoen kalitatea eta iraunkortasuna hobetzeko erreformaren alde agertu da Batzordea. Krisialdia hasi zenetik entzun izan dira erreforma sakonen beharra sumatzen zuten ahotsak; hala ere, entzungor egin diete.
Halaber, Europar Batzordeak dioenez, krisialdia amaitu egin da, oraindik tentu handiz badio ere, ez dirudi-eta erabateko ziurtasunik duenik, ezta hurrik eman ere. Oso maiz instituzioen baikortasuna lausotuta geratzen da errealitateak gauzak diren bezala erakusten dituenean. Atzo bertan bi bankuri emandako laguntza publiko eskergak ontzat eman zituen Bruselak, eta hori ez da susperraldi ziurraren seinale, hain justu. Badira beste zantzu batzuk, baina horiek jasaten dituztenek ez dute Europar Batzordearen txostenik irakurri behar haien berri jakiteko. Ondo asko dakite ekonomia gaizki doanean norentzat doan okerrenik.