GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ipar Euskal Herria arlo ekonomiko eta kulturalean garatzeko aurrekontu zabala

Euskal Herria Lurralde Kontratuaren gidaritza batzordea hirugarren aldiz elkartu zen atzo Baionan. 31,5 milioi euroko aurrekontuarekin, ekonomia, iraunkortasun eta kultura arloak garatu nahi ditu Batzordeak.

p014_f02.jpg

Idoia ERASO |

Ipar Euskal Herriko Lurralde Kontratuaren harira gauzatu beharreko ekintzak definitzeko atzo egindako batzarra «Oso garrantzitsua» izan zen, Hautetsien Kontseiluko presidente Jean-Jacques Lasserren hitzetan. Estatuaren ordezkari Eric Morvan suprefeta, Eskualde Kontseiluko Frantxua Maitia, Kontseilu Nagusiko Max Brisson eta Garapen Kontseiluko presidente Jean-Baptiste Etcheto bildu ziren Batzordean. Lurralde berritzailea garatzea, Ipar Euskal Herriko eraikuntza orekatua eta solidarioa indartzea, eta azkenik baliabide kultural eta naturalak bultzatu eta zabaltzea da Kontratuak indartu nahi dituen arloak.

Alor ekonomikoan «lurralde berritzailea» eratzeko lau ekimen sustatuko dituzte: lerra-kirolen clusterra sendotzea, laguntza zentroen lanarekin bat egitea, garapen iraunkorraren lurraldeko eragileen arteko sarea sortzea eta azkenik aeronautika industriari begira material konposatuen zentro bat garatzea. Azken honen eraikuntza hasi da Baionako Technocité delakoan.

Garapenaren ikuspegi orekatu eta iraunkorra jarri nahi dute indarrean lau egitasmo zehatzetan. Garraio eskaintza iraunkorra bultzatzeko inkesta bat ari da garatzen Baiona eta inguruko herriak elkartzen dituen sindikatu mistoak. Egoera oso txarrean dagoen Baiona eta Donibane Garazi arteko trenbidea berritzeko lanak 2010ean hasiko dira. Klima eta energia kontuan hartuko dituen dinamika sustatzea indartuko da. Azkenik abiadura handiko Internet linea biztanleriaren artean zabaltzen ari da.

Kulturaren arloari dagokionez, ahozko ondarea balioetsi nahi dute, eta Euskal Kultur Erakundearen ekintzak zabaldu, baliabideak handituz. Euskal Mendiaren Karta ere indarrean jarriko da.

Lurralde Kontratua «Ipar Euskal Herrian ematen den animazioen bizkarrezurra» dela adierazi zuen Max Brissonek. Bere aburuz, atzo gauzatu zen batzarrak «Kontratuak aurrera jarraitzen duela erakusten du, eta oso garrantzitsua da egitasmoa denboran luzatzeko». Suprefeta bat etorri zen kontseilari nagusiak esandakoarekin eta aitortu zuen «Kontratua erreala izan dadin benetako dinamismoa» ari dela garatzen lurraldean.

Frantxua Maitiak bere aldetik erakundeen artean dagoen «erlazio oparoa» nabarmentzekoa dela gaineratu zuen. Batzordean bezala Kontratuaren parte diren egitasmoen sustatzaileen arteko erlazioa nabarmendu zuen Jean-Baptiste Etchetok: «Ekintzak sektoreka banatuak badira ere, denak `Euskal Herria 2020' egitasmoaren parte dira eta elkarren artean eragina dute».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo