GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Bizkaiko finala

Atutxa II.a, bere herrialdean nagusi

Finaleko gazteena izan arren, txapelari eusteko ez zuen izan aparteko arazorik, eta gainerakoei koska dezentea kentzen diela argi eta garbi utzi zuen.

Jon LEUNDA

Ez zen ezusterik izan larunbat gauean jokatu zen Bizkaiko aizkolarien txapelketan, eta Aitzol Atutxak ez zuen izan aparteko arazorik txapelari eusteko, eta duen adina kontuan hartuta, makina bat jantzi behar ditu, arazoren bat ez badu izaten, behintzat.

Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituen, eta Atutxa II.ak 3 minututik gorako aldea kendu zion Mendietari. Lehen posturako ia ez zen lehiarik izan. Hasieran Mendieta saiatu zen faboritoari eusten, baina honek berehala egin zuen ihes, eta apurka-apurka tartea zabalduz joan zen.

Bigarren posturako ere berehala argitu ziren gauzak, Mendietak ere ihes egin baitzuen, eta borroka hirugarren posturako geratu zen. Txikon, Garitaonaindia eta Zelai ari ziren borroka horretan.

Apurka-apurka, ordea, mallabitarra atzera geratzen hasi zen, eta Txikonek, berriz, ihes egin zion azkeneko enborretan Garitaonaindiari, eta hori ere erabakita geratu zen, Txikonek lortu baitzuen hirugarren postua, Garitaonaindiak laugarrena, eta azkena Zelai geratu zen.

Txapela beraz, Atutxarentzat izan zen, eta lan guztiak burutzeko 24 minutu eta 45 segundo behar izan zituen berak. Bigarren sailkatu zen Mendieta, eta berak 28 minutu eta 22 segundoan bota zituen enbor guztiak. Hirugarren, berriz, Txikon sailkatu zen, eta 33 minutu eta 49 segundoan amaitu zituen lanak. Laugarren izan zen Garitaonaindia, eta honek 34 minutu eta 52 segundoan burutu zituen lanak. Bosgarren eta azkena Zelai izan zen, eta 36.29 izan zen berak egindako denbora.

Txapelketak amaitu dira

Larunbat gauean jokatu zen Bizkaiko finalarekin, eta herenegun eguerdian Arbizun jokatu zen Euskal Herriko maila nagusiko finalarekin, amaitu dira aurtengo aizkolarien txapelketa ofizialak.

Ezustekorik gutxi izan da, eta herrialde ezberdinetan faboritoak izan dira garaile. Nafarroakoan, Nazabalek ez du hutsik egin, eta berak jantzi zuen txapela. Gipuzkoan, Olasagastik gauza bera egin zuen. Araban, Zubiagak besteen gainetik dagoela berriro ere argi eta garbi utzi zuen, eta Bizkaian, Atutxak ez du barkatu. Ipar Euskal Herrikoan, Juanikorena izan da onena.

Euskal Herrikoetan, Nazabalek berriro ere besteei koska bat kentzen diela agerian utzi zuen. Bigarren Mailakoan gazteek beren indarra erakutsi zuten, eta Rekondok jantzi zuen txapela, eta berarekin Atutxa II.a igo da maila nagusira. Hirugarren Mailan ere gazteenak izan dira onenak. Olanok jantzi zuen txapela, eta berarekin batera Ohian Larretxea, Donatoren semea, eta Mugertza II.a izan ziren Bigarren Mailara igo direnak.

Hemendik aurrera Urrezko Aizkorak hartuko du lekukoa, jadanik jokatzen ari baita binakakoa, eta hori amaitutakoan hasiko da bakarkakoa. Tartean, ordea, apustuaren bat edo beste ere izango da, eta txapelketa ofizialak heldu bitarte ere ez da aizkolarien saiorik faltako gure plazetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo