SOKATIRA
Badaiotzek eta Abadiñok aurreikuspen guztiak betetzen jarraitzen dute
J.L.
Badaiotzek eta Abadiñok jantzi dituzte Lauko Euskal Herriko Txapelketako asteburuko bi txapelak. Lehenengoak, emakumezkoen 255 kilotan, eta bigarrenak, berriz, gizonezkoen 300 kilotan.
Emakumezkoetan Badaiotzen nagusitasuna erabatekoa izan da, eta garbi utzi dute laster hasiko den zortzikoan ere beraiei aurre egitea oso zaila izango dela.
Arabarrek aise jantzi zuten txapela, baina beraientzat izan zen bigarren postua ere. Amaiurrek lagundu zien podiuma osatzen. Atzetik, Sakana A izan zen laugarren, Girizia sailkatu zen bosgarren, eta azken postuan, berriz, Sakana B.
Gizonezkoetan Abadiñok ez du hutsik egin. Lehen fasearen ostean Amaiurrengan ere itxaropen dezente zeuden, baina finalean bizkaitarrek ez dute barkatu, eta beraientzat izan da garaipena.
Bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen Amaiur B taldeak, eta hauekin batera, Ibarra izan da podiumean. Atzetik, Amaiur A sailkatu zen laugarren postuan, Berriozar bosgarrenean, eta azken postuan, berriz, Sokarri sailkatu zen.
Beraz, orain artekoa ikusita, garbi geratzen da urtarrilean hasiko den zortzikorako Badaiotz nesketan, eta Abadiño, mutiletan, izango direla faborito nagusiak. Agian Amaiur izango da biei aurre egiteko gai den bakarra.