«Nik zerbait planteatzen dut, baina bakoitzak osatu behar du falta dena»
Langile espontaneoa, ideiak burura ekarri eta berehala, etenik gabe burutzen dituen horietakoa dela dio Koldobika Jauregi eskultoreak. Unean uneko inspirazio eta gogoekin sortutako lanak bildu ditu Donostiako Ekain galerian ikusgai den erakusketan; «Zurrunbiloa» osatu du, burdinaz, egurrez eta paperez landutako obrak bilduta.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Iaz, sinbologiarekin lotura zuzena zuen «Bidaia» proposatu zuen Koldobika Jauregik Ekain galerian. Urtebete geroago, proposamen hartatik «Zurrunbiloa» izenekora igaro da, sinbologiari eutsita, material desberdinen lanketa erakusten duelarik.
Zein «zurrunbilotan» sartu da Koldobika Jauregi?
«Zurrunbilo» izena jarri diot erakusketa honi gai bat baino gehiago lantzen direlako bertan ikus daitezkeen lanetan. Guztiek lotura dute, baina obrak egiteko garaian, gauza desberdin asko nituen buruan eta gauza asko sortu nituen. Horietatik batzuk hautatu ditut erakusketarako eta, berriro diot, gaiak desberdinak direnez, «Zurrunbiloa» deitzea erabaki nuen.
Zein dira jorratu dituzun gai horiek?
Ni «reinzidente» bat naizela esaten dut beti. Pelma bat naiz, eta ni neurera. Dualismoarekin jarraitzen dut zirkulu eta gurutzeak, ekialdea eta mendebaldea irudikatuz eta, era berean, materialik pobreena eta ugariena (altzairua), garestienarekin eta urrienarekin (urrea) bateratu dut. Beraz, dualismoa nabaria bai grafismoari dagokionez, baita materialari begira ere.
Batzuetan goragoko asmo bat dago, sinbolismo aldetik karga handiagoa da, eta beste kasu batzuetan, adibidez, ardi oinen arrastoak eta gurutze bat agertzen diren lanean, irakurketa desberdinak egin daitezke; sinpleki esan daiteke ardi batzuk toki batera doazela edo, era sakonago batean esan genezake peregrinazio bat egiten dutela leku sakratu baterantz. Zein den interpretaziorik egokiena? Bakoitzak nahi duena, hori ez da nire lana. Nik gauza batzuk planteatzen ditut, eta bakoitzak osatu behar du falta dena; niretzat bi ikuspegiak dira baliozkoak. Uste dut edozein peregrinaziotan pertsonak leku batera doazela, eta ez bereziki leku sakratu batera.
Kasu askotan agertzen da gauza xehen garrantzia pasaia handi batean. Azaldu nahi dut, era berean, edertasuna posible dela gauza txikietan edo balio ez duten gauza txikietan.
Gurpilaren gaiarekin ere jarraitzen dut. Orain dela 20 urte hasi nintzen gurpilarekin lanean, gero utzi egin nuen, eta orain berriro hartu dut. Hona bi gurpil bakarrik ekarri ditut, baina askoz gehiago dira.
Aurreko erakusketan sinbolismo batzuk erabili zenituen, zirkulu eta gurutzeez gain, ate antzeko batzuez osatuak. Eta orain?
Orain bai agertzen dira puntualki sinbolismo batzuk, baina ez dira orokorrean finkoak erakusketa honetan. Bitxien artean badago egiteko modu informalago bat, pobreago bat. Ofizio guztietan bezala, denborarekin askoz ere formalago egiten dira gauzak, eta behar izaten da haustura bat egitea berriro lanean hasteko, ez errepikatzeko.
Nola erabili dituzu material ezberdinak?
Burdina, adibidez, herdoiltzen utzi dut, ez dut probokatu. Behin burdina prestatuta, kalean uzten dut herdoil dadin. Herdoila nahita probokatzen baduzu, amaieran lortzen den kolorea nahiko egonkorra edo berdintsua izaten da. Prozesu naturalarekin, ordea, tonu desberdinak lortzen dira eta egokia dela ikusten dudanean, burdinazko piezak berriro etxe barruan gordetzen ditut. Kasu gehienetan landuak daude; herdoila gastatu egiten dut lixarekin, beste tonu batzuk lortzeko. Pintura kentzen aritzea bezalakoa da. Tinta erabili dut kasu batzuetan kolore beltza eta urdina lortzeko. Izarrak dauden koadroan, zerua potentziatzeko erabili ditut, oso zeru iluna lortzeko.
Papera ere erabili duzu erakusketa honetarako.
Paperean egindako lanak erdi marrazkiak dira, urrearekin eta hariekin konbinatuta. Lehen aipatutako harri txikiak erabili ditudan bezala beste lanetan, hemen hariak erabili ditut, koloretakoak.
Eta irakurketa, nolakoa da?
Nik planteatzen ditut gauzak niri datozkidan bezala. Gero ikusleak beste gauza batzuk plantea ditzake. Nork egin du zer? Inork ez. Ez du balorerik, ez nik, ez koadroak, ez beste pertsonak. Hor kate bat sortzen da, baina hauek dira akzidente bat jasan duten materialak, nire eskuetara iritsi dira, zulatu ditut, moldatu ditut, baina ni izan beharren berdin-berdin izan zitekeen errementaria, baina hark agian kajoi bat bilakatuko luke material hori. Finean ez dago diferentziarik nire lanaren eta kajoi horren artean. Kajoi bat izango balitz etxe batean egongo litzateke hemen egon beharrean, baina nire bizitza ez da ezertan aldatzen, horregatik da akzidente soil bat.
«Reinzidente bat naiz eta dualismoarekin jarraitzen dut; batetik, zirkuluak eta gurutzeak, ekialdea eta mendebaldea marraztuz eta, bestetik, material pobre eta garestiak erabiliz»
«Nork egin du zer? Inork ez. Ez du baliorik, ez nik, ez koadroak, ez beste pertsonak. Hor kate bat sortzen da, baina hauek akzidente bat jasan duten materialak dira, nire ordez, beste edonork egin zitzakeenak»