Berezkoak Superprestigioa
Waltarik eta Ezkurrak denek nahi zuten finala jokatuko dute Donibane Garazin
Jon LEUNDA
Berezkoen Superprestigioko finalerdietan ez zen izan ezusterik, eta bi faboritoek jokatuko dute finala. Denek nahi zuten Waltari eta Ezkurra elkarren aurka ikusi, eta horretarako aukera izango da datorren igandean jokatuko den finalean.
Waltarik 40-29 irabazi zion Harizmendiri, eta 19 kintze egin zizkion botetik. Hori horrela izanda, zaila da partida bat galtzea. Hala ere, jokoan gabezia ugari erakutsi zituen kubatarrak, 11 tanto galdu baitzituen. Berak, ordea, sakearekin egiten du min, eta atzo ere horixe egin zuen, batez ere hasieran eta amaieran. Harizmendi 26-25 hurbildu zen, baina itxaropenak gutxi iraun zion.
Partida 49 minutukoa izan zen, eta honela joan zen: 4-1, 4-4, 5-5, 8-8, 20-8, 25-16, 26-25, 38-25 eta 40-29. Botetik 19 kintze egin zituen Waltarik, eta 8 Harizmendik. Jokoan 11 pilota galdu zituen kubatarrak eta 5 Nafarroa Beherekoak. Egindakoak, 16 eta 10 izan ziren, hurrenez hurren.
Beste finalerdian ere ez zen kolorerik egon, baina hemen Paxkal Ezkurrak sekulako norgehiagoka egin zuen, eta Sorhueti inongo aukerarik eman gabe 40 eta 22 irabazi zion, 67 minutuz pilotan aritu ostean.
Urruñakoak 7 kintze egin zituen sakez, eta Pausukoak hiru egin zituen hasierako jokaldiari esker. Markagailua honela joan zen: 4-0, 26-3, 32-16, 36-21 eta 40-22. Ezkurrak jokoan 26 tanto egin zituen, eta 17 Sorhuetek. Galdu, berriz, 2 egin zituen Paxkalek, eta 7 Sebastienek.
Finala, esan bezala, igandean jokatuko da Donibane Garaziko trinketean, 17.00etan hasita.