Txomin Peillenek jasoko du Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria
GARA | DONOSTIA
Txomin Peillen ikertzaile eta idazleak jasoko du Eusko Ikaskuntzak ibilbide profesional osoaren errekonozimendurako ematen duen Manuel Lekuona Saria. Remigio Mendiburuk egindako eskultura jasoko du, nahiz eta eskura emateko data eta tokia oraindik finkatzeke dauden.
1932an Parisen jaioa, Biologia eta Geologia ikasketak burutu zituen Sorbonako Unibertsitatean. Bertan ezagutu zuen Jon Mirande, eta bien elkarlanetik sortu zen 1962an “Igela” aldizkaria. Parisko Lavoisier lizeoan eta Paueko Unibertsitatean irakasle lanetan jardun zuen, 1981ean “Lexique Basque de l'anatomie, morphologie et semantique” lanarekin doktoretza lortu zuen arte. Orduz geroztik, hamaika liburu argitaratu ditu Peillenek, horien artean, eleberriak, ipuin bildumak eta haurrei zuzendutako lanak.
Txomin Peillenek, sorkuntza literarioaz gain, biologia, etnografia, literatura eta linguistika gaiak zabaltzeko lan eskerga egin du bizitzan. Eusko Ikaskuntzak 1983an sortu zuen Manuel Lekuona Saria, euskal kulturako eragileen lan osoa kontuan hartuta (opera omnia), beren ekarpenak esanguratsuak direnean, haiek saritzeko helburuz.