Miren Eraso arte sustatzaile donostiarrari, azken agurra
Miren Eraso (Donostia, 1960-Oiartzun, 2009) arte eragile eta kudeatzailea iragan ostegunean hil zen bat-batean, eta atzo izan ziren haren hileta elizkizunak. Euskal Herriko kultura munduan ezaguna zen oso, besteak beste, Arteleku zentroan dokumentazio alorrean eta «Zehar» aldizkariko arduradun nagusi gisa egindako lanagatik lehenengo, eta tarte labur batez bertako zuzendari ere izan zelako gero. Makina bat proiektutan ari zen lanean.
GARA | DONOSTIA
Ostegun gauean, ezustean eta bat-batean hil zen Miren Eraso, 49 urte baino ez zituela. 1960an Donostian jaiotako Eraso bere etxean hilda aurkitu zuten hurbilekoek, gaixotasun edo arrazoi jakinik gabe. Eta atzo jaso zuen Euskal Herriko artista eta arte kudeatzaileen azken agurra, Gros auzoko San Inazio elizan familiak deitu hileta elizkizunetan. Bertan izan ziren, besteak beste, Tabakalerako zuzendari Joxean Muñoz, Gipuzkoako Kultura diputatu Maria Jesus Aranburu, Pamielako Jose Angel Irigaray, Artiumeko zuzendari Daniel Castillejo, Ixiar Rozas idazlea, Oier Etxebarria artista.
Izan ere, Eraso ezaguna zen oso Euskal Herriko arte munduan, batez ere Artelekun egindako lanagatik, laurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera.
Artearen historian, dokumentazioaren kudeaketan eta edizio lanetan aditua, Bartzelonako Unibertsitatean Artearen Historia ikasketak burutu zituen, eta Dokumentazio Kudeaketan espezializatu zen, Pompeu Fabran.
1990 inguruan Artelekun hasi zen lanean, artxibo eta dokumentazio arduradun, eta arte zentro esperimental horrek editatu «Zehar» aldizkariko arduraduna izan zen hamarkada luze batez. 2007an gainera, Artelekuko zuzendaritza artistikoa bere gain hartu zuen, Santi Eraso ordezkatuz -abizen bera izan arren, ez zuen senide-, handik gutxira kargua Kepa Landaren eskuetan utzi zuen arte -2008ko erdialdera-, Diputazioak zentroa antolatu eta kudeatzeko moduarekin desadostasun batzuk medio.
K6 kultur kudeaketa enpresan lan egindako Eraso Gasteizko Montehermoso kultur zentroko kolaboratzaile ari zen, eta Artium museoarekin ere bazuen hartu-emana, elkarlanean egitasmo batzuk burutu zituzten-eta.
Artiumeko zuzendari Daniel Castillejo gogor kolpatua zen atzo -zer esan ez zekiela aurkitu genuen-. 2008ko urrian Gasteizko museoko zuzendari izendatu zuten arabarra, eta handik gutxira beraiekin elkarlanean hasi zen Eraso hainbat egitasmotan. «Ekimen eta inteligentzia handiko emakumea zen», azaldu zigun Castillejok, «arte munduko ikuspegi eta ezagutza zabala zuen oso -museoekin lan egiteko primerakoa dena- eta atsegin handiz burutu izan ditugu beti egitasmoak».
Arte aldizkari baten egitasmoa
Orain dela urte eta erdi inguru aldizkari berri bat, pentsaera kritiko eta arte arlokoa, plazaratzeko egitasmoa garatzen zebilen Eraso kultur eragile eta zentro batzuekin batera, Euskal Herriko herrialde eta zentro ezberdinetara zuzendutako argitalpen autonomoa behar zuena izan. Castillejok atzo ez zuen egitasmoaren berri emateko aldarterik izan -ez baitzen horretarako momentua-, baina aitortu zigunez, «Eraso zen egitasmoa bideratzeko egokiena, dokumentazio arloan zuen esperientzia kontuan izanda».
Antzeko hausnarketak egin zizkigun Jose Angel Irigaray olerkariak ere, Pamiela argitaletxean Juan Zelaia saiakera sarietako epaimahaikide izandako Eraso laguna zuen-eta. «Kulturgintzan eta batez ere arte esparruan oso hutsune handia» da Erasok uzten duena, Irigarayren esanetan. «Oso pertsona jantzia zen, ezaguera zabalekoa, nortasun finekoa, azkarra eta sentsibilitate handikoa». Lanari lotzeko «gaitasun handikoa, gauzak patxadaz eta serenitatez» egin ohi zituen Erasok, bere ezagunen esanetan, «arreta handiarekin».
Artium, Tabakalera zein Bibao.Arte partaide izango omen zituen arte garaikideari eskainitako aldizkaria garatzeko asmoarekin «oso ilusionatua» zegoen -eta «Erlea» aldizkariarekin ere kolaborazioak egiteko asmoa zuen-. Orain gutxi Argentinako Rosariotik etorri berria zen Eraso, eta Donostian Ruper Ordorika ikusteko gonbidapena zeukan ostegun gauerako. Ez zen Antzoki Zaharrera heldu, ordea.
Artelekun lan egindakoa da Eraso, besteak beste «Zehar» aldizkarian, eta azkenaldian, besteak beste, Artium museoarekin eta Montehermoso zentroarekin ari zen elkarlanean. Beste egitasmo batzuen artean, arte aldizkari berri bat plazaratzea zuen helburu.