GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gabonak bestela bizi daitezkeela erakusten duen elkartasuna

Gabonak familiarekin edota maite ditugunekin egoteko egunak izaten dira. Era askotako arrazoiengatik pertsona guztiek ez dute egun horiek gertukoekin pasatzeko aukera izaten. Kalean bizi den jendearentzat sasoi zaila izaten da, bakardadea nabariagoa egiten da, nahiz eta elkarteetako boluntarioak haien hutsunea arintzen saiatzen diren.

p014_f01_250x164.jpg

Idoia ERASO

Gaur jende gehiena afaritarako familiarekin elkartuko da. Mahaiaren bueltan jaki goxoak elkarrekin dastatzeko egunak izaten dira, nahiz eta giroak etxe guztietan ez duen itxaropenekin bat egiten. Horrela izanik ere, batek baino gehiagok nahiago luke hori kalean bakarrik egon baino. Baionako Caritasen ezaguna den Leonek argiki adierazi du urte bukaerak dakarrenak: «Bakarrik zaudenean oso garai zaila da, dendak beteta egoten dira eta gu bakarrik gaude. Isolatuta eta abandonatuta sentitzen gara». Garaiaren zailtasunarekin batera familiaren falta ere nabarmentzen du: «Gabon-gaua eta Eguberri-egunean talde txikitan elkartzen saiatzen bagara ere, familiarekin egotea falta zaigu, lagunak ongi dira, baina ez da familiarekin elkartzea bezalakoa». Baionarra jaiotzez, Françoisek Parisen eta Cote d'Azur-en zehar ibili izan da, baina herriminak bultzatuta sorterriko karriketan urteak daramatza. Baionarrak hitz gutxitan ideia bera azaldu du: «Bihotzean min pixka bat egiten du».

Hutsunea estaltzeko lauzpabost lagunetako taldetxoetan elkartzen dira kalean bizi diren pertsonak, eta normalean ondo konpontzen dira. «Argi dagoena da kaleko arazoak oso presente egoten direla, hau da, alkohola eta drogak», nabarmendu du Leonek.

Berotasunean janari goxoa nahi duenarentzat aukera eskaintzen du Gaueko Mahaiak Baionan. Emmaus eta Hor Konpon elkarteen laguntzarekin ehun bat pertsona elkartzen dituen afari «ederra» eskaintzen diote hurbildu nahi duen orori, baita Gabon-gauean ere. «Behar baldin baduzu, etor zaitez» da Mahaiko kideen premisa. Musika, opariak, janaria, edaria eta batez ere entzuteko eta dibertitzeko gogoa duen jendea egongo da gaur Gaueko Mahaiak Saint André plazan ezarriko duen karpa epelean. «Denak elkarrekin egoten gara, ez da familiarekin egotea bezalakoa, baina eskerrak hor dauden, bestela bakarrik egongo ginateke», aitortu du Françoisek.

Gabonetako afaria eskainiko duten boluntarioetako bat da Christiane Saint-Pol: «Egun berezi hauetan ez da soilik egunero janari bila etortzen den jendea hurbiltzen, bakarrik dagoen jendea ere etortzen da gurekin une atsegin bat pasatzera». Elkartasunarekin batera zuzeneko musikak eta animazioek berotuko dute karpako giroa.

Familia arteko ospakizunekin ahalik eta alde gutxien izateko, Olentzero ere hurbilduko da Saint-André plazara. Gordeka, txikienek ikus ez dezaten, txoko batean denentzako opariak utziko ditu. Emmaüs eta Gurutze Gorriko kideen laguntzaz, neguko hotzari aurre egin ahal izateko eskularruak, txapelak, galtzerdiak eta berokiak utziko ditu ikazkinak. Presente izanen den jendearen jatorri aniztasunari keinu eginez, Olentzerok Santa Clausi ere laguntzeko eskatuko dio.

Leonek baieztatu zuen legez, Christiane Saint-Polek zenbaitetan kaleko arazoak ere nabaritzen direla adierazi du: «Gabonetako bestak oso sinbolikoak eta bereziak dira eta, hori dela-eta, batzuetan hainbat pertsonak jarrera agresiboa azaleratzen dute. Baina horrelako arazoak berehala konpontzen ditugu eta ahalik eta atseginen eta adeitsuen izaten saiatzen gara».

Gabonak era atseginean ospatu nahi dituen François urtero hurbiltzen da Gaueko Mahaiaren afarira: «Dibertigarria izaten da, dena ondo antolatuta egoten da. Denok hitz egiteko beharra izaten dugu, baina ez da arazorik izaten». Lapurdiko hiriburuko Caritaseko arduradunak unearen garrantzia nabarmendu du: «Une lasaia eta arduratsua izaten da, beharra duen jendearekin. Gabonetan ahalik eta ondoen senti daitezen ahalegintzen gara».

Lo egiteko tokia eskaintzen duen Atherbea egoitzak ere Gabonetako Festa antolatuko du egoiliarrentzat. Aperitifa, afari berezia eta hainbat joko antolatu dituzte hezitzaileek bertan. Alliande Duny-Petrek langileen sentimendua horrela azaldu du: «Bertan egoten den jendeak duen hutsune handia estaltzen saiatzen gara. Bizitzak eman dizkien astinduak itzelak dira eta jai honen bitartez nolabait horiek ahantz ditzaten saiatzen gara, horretarako ahalik eta giro atseginena sortuz».

Gabonetako espirituaren bila

Gabonetako espiritua zehaztea ez da gauza erraza, sentimendua izanik pertsona bakoitzak bere definizioa ematen baitu. Familia, erlijioa edota elkartasunarekin batera, askotan entzun daitekeen ezaugarrietako bat zailtasuna da. Haurrei galdetuz gero, magia eta zoriontasuna dira nagusi, baina txikienei unibertso magiko hori helarazteko, gurasoak laguntzen dituzten elkarteak gelditu gabe aritzen dira abendu osoan.

Familiak laguntzen aritzen den Emmaüsek Gabonetako merkatua antolatu zuen abendu erdialdean diru-iturri urria duten pertsonek eta familiek jostailuak eta Gabonetako apaingarriak eros ahal izan zitzaten. Baionako eskualdeko komunitateko arduradun Joseph Rubiok arlo horretan beharra dutenen kopuruak nabarmen gora egin duela azpimarratu du. «Lehen gugana inoiz etorriko ez litzatekeen jendea ikusi dugu gure artean beharrak bultzatuta».

Gaueko Mahaiko arduradunak haurtzaroak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du: «Gabonetako espirituak txikitako garaietara eramaten nau, gizatasuna ekartzen dit gogora, auzokoekin txokolate bero bat partekatzen genuenekoa. Gaur egun gugana etortzen den jendeari berotasun eta gizatasun hori helarazten saiatzen naiz».

Aiherrako Bihotzetako Ostatuan boluntario aritzen den Jean-Claude Mautrantek argiki adierazi du. «Hemen ostegunero Gabonetako espirituarekin bat egiten dugu gure janari banaketan. Ez dago egun berezirik; behar duen jendearekin partekatzen ditugu bai elikagaiak, bai eta zailtasunak eta itxaropenak ere. Gugana hurbiltzen direnei poza eta zoriontasuna helarazten saiatzen gara».

Caritaseko arduradunaren arabera, laguntza behar dutenei ematean datza jai egun hauen arimari esanahia ematen diona: «Behar duten pertsona guztiei opariak ematen saiatzen gara. Bizitzan izandako gorabeherengatik daude egoera horretan, oso arazo larriak bizi izan dituzte eta orain laguntza behar dute».

Baionako karriketan ezaguna den berrogei urteko gizonak bestelako ikuspegia eskaini nahi izan du Gabonei buruz: «Ohitura da, baina aldi berean diru xahutze edo botatze hutsa da. Familia guztiek beharra duten pertsonei lagundu beharko liekete Gabonetan». Egunok aitzakia hartuta jendeak dirua gaizki erabili eta botatzen duela azaldu du haserre izena eman nahi izan ez duenak: «Esaterako, trufetan mila euro gastatu beharrean behartsuentzat bazkari bat ordaindu beharko lukete. Nik mila eurorekin ia bi hilabete pasa ditzaket».

Gabonek lagun, lankide, kalekideekin... partekatzeko uneak eskaintzen dituzte

Bakarrik baina elkarrekin, isolatuta baina solasean, triste baina kantuan... Karrikan urteak daramatzan Jean honela mintzatu zen: «Guk Gabonak bi aldiz ospatuko ditugu». Gabon gaua etxean pasako duten Caritaseko boluntarioek urtean zehar laguntzen dituzten pertsonekin ere ospatu nahi zituzten bestak. Horretarako bazkari aparta antolatu zuten joan den astean. Besta giroan aritu zen Momo kantuz, bere ahots bikainarekin ingurukoak alaituz. Ez ziren denak ere horren aldekoak eta batzuk kanpora atera ziren zigarrotxo bat erretzera besteak, musikaren doinuari jarraiki, txaloka, kantuan eta barrez ari ziren bitartean.

Kantuak, elkarrizketak bezala, otorduaren berezitasunaren seinale izaten dira horrelakoetan. Kantuak frantsesez hasi baziren ere, Momok ezagutzen dituen hizkera ezberdinetako herrietan zehar eraman zituen entzuleak, jatorri argeliarra izanik, lehen bidaia mundu arabiarrera izan zen. «Vamos a la playa»k Mediterraneoko hondartza zurietara eraman zituen. Mahai inguruan entzuten ziren hizkuntza ezberdinek beren kantua izan zuten jatorria gogoan izaten den egunotan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo