Onity-ko kaleratzeen atzean, «deslokalizazioa» dagoela salatu du enpresa batzordeak
N.G. | OIARTZUN
Oiartzunen kokatutako Onity lantegiko zuzendaritzak aurkeztu duen enplegua arautzeko espedientea salatu zuen atzo bertako enpresa batzordeak, izan ere, 75 langile ari diren jarduera horretatik 21 kaleratzeko asmoa dago, krisialdia baliatuz.
ELA sindikatuak ordezkatzen duen enpresa batzordeak azaldu zuenez, enpresaren jabegoa duen UTC multinazional amerikarrak produkzioa deslokalizatzea bilatzen du, eta etekinen zati bat ere desbideratzen ari da zuzendaritza. Hori da, hain zuzen, enpresa batzordeak Lan Ordezkaritzari aurkeztu dion txostenean azaldutakoa.
Txartel elektronikodun ate sarrailak ekoitzi eta merkaturatzen ditu Oiartzungo lantegiak, batez ere hoteletarako.
«Onity hartu duten multinazionalekin, ekoizten dugun produktuarekin geratzeko arriskuaren beldur izan gara beti, produktuak baduelako izen bat eta merkatu bat», azaldu zuen ELAko ordezkari batek.
Espedientea aurrera ateraz gero, ikerketa, garapen eta berrikuntzako departamentua desagertuko litzatekeela azaldu dute, eta produkzio atala biltegi modura geratuko litzatekeela nabarmendu zuten.
Hilaren 30ean espedientea baimendu ala ez erabaki beharko dute Lan arloko arduradunek. Bitartean, langileek mobilizatzen jarraituko dutela esan dute, egunero bi orduko lanuzteak egiten baitituzte, eta horien barruan, ordubeteko elkarretaratzea Donostian, Lan Ordezkaritzaren aurrean, 11.00etatik 12.00etara. Lan Ordezkaritzak hartutako erabakiaren arabera erabakiko dute horri zer erantzun eman.