Elkarrizketa politikoen auzia urtarrilaren 13an aztertuko du Gorenak
EAEko Auzitegi Nagusiak urte hasieran elkarrizketa politikoen auzia bertan behera uztea ebatzi ondoren, Madrileko Auzitegi Gorenak datorren urtarrilaren 13an aztertuko du herri akusazio gisa jardun duten Ermuko Foroak eta Dignidad y Justicia taldeak jarritako helegitea.
GARA
Foro de Ermua eta Dignidad y Justicia elkarteek elkarrizketa politikoen auzia artxibatzearen kontra jarritako helegitea aztertuko du Madrileko Auzitegi Gorenak urtarrilaren 13an. EAEko Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia aztertuko dute urtebete geroago, izan ere, 2009ko urtarrilaren 12an ebatzi zuen kasua bertan behera uztea, ahozko saioa egiteko herri akusazioa ez dela nahikoa argudiatuta.
Euskal Herriko zazpi politikari eserarazi zituzten akusatuen aulkian, beren artean bilerak egiteagatik. Ezker abertzaleko bost ordezkari izan ziren auzipetuak -Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Pernando Barrena, Juan Joxe Petrikorena eta Olatz Dañobetitia-.
Gaur egun, kartzelan daude guztiak, Etxeberria eta Dañobeitia izan ezik. Hala ere, bi hauek ere hainbat denbora eman dute giltzapean.
Beraiekin batera, une horretan lehendakaria zen Juan Jose Ibarretxe, EAJko kidea, eta PSE-ko buruzagiak ziren Patxi Lopez eta Rodolfo Ares ere -gaur egungo lehendakaria eta Lakuako Barne Sailaren arduradun nagusia, hurrenez hurren- auzipetuak izan ziren.
Ahozko saioa hasi baino lehen, aurretiazko gaiak proposatzerakoan, PSEkoen zein ezker abertzalekoen abokatuek eta fiskalak berak argudiatu zuten herri akusazioarekin bakarrik ezin dela ahozko saiorik abiatu.
Gogorarazi zutenez, Auzitegi Gorenak «Botin auzia» deritzonean ebatzi bezala, prozedura laburtuetan epaiketak egin ahal izateko, fiskalak edota akusazio partikularrak eskatu behar du hori. Argudio horri helduta, Ibarretxeren defentsak ere sei aldiz eskatu zuen auzia bertan behera uzteko, harik eta estrategiaz aldatu, eta epaiketa egiteko proposatu zuen arte.
«Atutxa auzia»
EAEko Auzitegi Gorenak kasua bertan behera uztea ebatzi zuen, nahiz eta Manuel Diaz de Rabago epaimahaiburua bere boto partikularrarekin horren aurka agertu. Herri akusazio gisa jardun zuten Ermuko Foroak eta Dignidad y Justicia taldeak, berriz, argudiatu zuten akusazioei ezin zaiela ahalmen hori ukatu, eta «Atutxa auzia» ebazteko Auzitegi Gorenak izandako jokabidea jarri zuten adibidetzat.
«Botin auzia» delakoan hartu zuen erabakiaren aurkakoa hartu zuen Auzitegi Gorenak «Atutxa auzia»n, herri akusazioa epaiketa egiteko nahikoa izan daitekeela esanez, eta ahozko saioari ekiteko aginduz. Ikusteko dago urtarrilaren 13an zein erabaki hartuko duen. Andres Martinez Arrieta izango da epaile txostengilea, ateak itxita burutuko den saioan.
Auzipetuta dauden ezker abertzaleko hiru ordezkari kartzelan daude -Arnaldo Otegi, Pernando Barrena eta Juan Joxe Petrikorena-. Beste biak, Rufi Etxebarria eta Olatz Dañobeitia, orain gutxi gelditu ziren aske.